Zaintza bermatu, baimen ordainduak langileentzat!

567

(Ikastolak)

Ikasturte hasieratik, Administrazioari kontziliazio arazoei aurre egiteko baimen ordaindua aldarrikatu diogu, langilearen ardurapean dagoen pertsona batek COVID-19 positibo batekin kontaktu estua izanagatik, berrogeialdia etxean burutu behar duen kasuetarako. Ikastoletan egoera hau ematen denean, langileak ordaindu gabeko egunak hartu behar ditu, egoera honek sortzen duen galera ekonomiko guztia berak pairatzen duelarik.

Covid-19ak sortzen dituen ondorioei aurre egiteko beharrezkoak diren baliabideak jartzea administrazioari dagokio, baina baliabide horiek eskuratu bitartean, ikastolek ere gai honetan erantzukizunez jokatu behar dutela deritzogu.

Horregatik, EAEko ikastoletako negoziazio mahaian egoera hauetarako baimen ordaindua eskatu diegu Ikastolen Elkarteari zein EIBri. Biek haien erantzukizuna ez dela argudiatuz “gomendio” izaera duen proposamen bat luzatu ziguten: kasu hauetan zaintzarako, Lan Hitzarmenak 45-C artikuluan jasotzen duen baimenaz baliatuz ordaindutako 2 lanegun izatea.

Gure iritziz ikastolei egiten zaien “gomendio” hau ez da nahikoa. Alde batetik egoera honi aurre egiteko, beste momentu batean beharrezkoa izan daitekeen baimen bat galtzen delako, eta, bestetik, berriro ere langilearen gain uzten duelako egoera honen kargarik handiena.

Horiek horrela, kontraproposamen bat egin genuen, administrazioak gai honetan duen erantzukizuna bete bitartean, tarteko adostasun bat lortzeko helburuz. Gurearen arabera, langilearen ardurapean dagoen pertsona bat konfinatua balitz, etxeko ospitalizaziotzat joko litzateke, honela langileak ordaindutako 5 lanegunetako baimena edukiz. Horrela, ikastolak eta langileak, erdibana partekatuko lukete egoera honek sorrarazitako galera.

Ikastolen Elkartearen eta EIBren erantzuna berriro ere ezezkoa izan da, bi erakundeek argi utzi digutelarik, egoera hauetan langileak bakarrik ordaindu behar dituela ondorioak, eta ez daudela prest erdibideko adostasun batetara heltzeko.

Gauzak horrela, gure ordezkari guztiei, honako irizpide hauek helarazi nahi dizkiegu, haien ikastoletan langileak bereziki kezkatzen dituen egoera hau ematen denerako.

1.- Langilearen ardurapean dagoen pertsona konfinatuta dagoen bitartean telelanerako aukera aztertzea eta gauzatzea (ikastola batzuetan jada gauzatzen ari dena)

2.- Ikastolari egoera hori etxeko ospitalizaziotzat hartzea eta langilearentzat 5 lanegunetako baimena eskatzea. 

 
Ikastolen Elkartea eta EIB, zaintza bermatu!

Covid 19aren ondorioak ez ditzagun soiliklangileok ordaindu!