Zabaleko eskolari babesa, EAEko Hezkuntza Sailak Amurrion inposatu nahi duen zentroen fusioaren aurrean

445

EAEko Gobernuko Hezkuntza Sailak maiatzaren 20an Amurrioko Lehen Hezkuntzako bi eskoletako fusioa egiteko proposamena egin zien Zabaleko eta Mendiko eskolei. Fusio eta erabaki horren ondorioz, Zabaleko Eskola, Euskal Eskola Txikien Sarearen partaide dena, desagertuko litzateke. Ondorioz, Amurrion, eskola publiko bakarra geratuko litzateke, eskola mapan galera handia eraginez.
Zabaleko Eskola, San Jose auzoan kokaturiko eskola txikia da. 62 urtez herriari eta herritarrei zerbitzua eman dion eskola. Amurrion eta San Jose auzoan errotua dagoena, anitza eta euskalduna.
Amurrioko eskola mapak benetan behar al du titularitate publikoko den eta auzoan erroturik dagoen eskola ixtea? Bertako hezkuntza komunitateak ezetz adierazi du; beraz, ez du inolako zentzurik fusioaren planteamenduak. Zein beharri erantzuten dio planteamendu zehatz honek? Fusioaren ordez zergatik ez da erabaki eskolaren proiektuak indartu eta aurrera egitea?
Eskola mapa eraldatuko duen eta eskolen arteko fusioa eragingo duten planteamenduak bertako hezkuntza komunitateekin partekatuak eta adostuak izan behar direla exijitzen du LAB Sindikatuak. Izan ere, adostua ez dena traumatikoa bilakatzen da. Beraz, ez dugu ulertzen Hezkuntza Sailak adostasunik gabeko prozesuak aurrera eramatea eta atzera botatzeko exijitzen diogu. Sailak 2021- 2022 ikasturtea planifikatutakoaren arabera egingo dela iragartzea ez da berme nahikoa eskola txiki honen etorkizuna bermatzeko, beraz 2022-2023 ikasturtetik aurrera eskolaren etorkizuna bermatuko duen konpromiso bat ere exijitzen dugu.
Horregatik, LAB sindikatuak babesa ematen dio Amurrioko Zabaleko eskolari eta bertako hezkuntza komunitateak antolaturiko mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten du, lehena, Maiatzaren 28an arratsaldeko 17.30etan.

ZABALEKO BIZIRIK