Utzikeriaren ondorioz, ez dago bermerik Gizarte Ekimeneko langileen birkokapenetarako

360

LABetik behin baino gehiagotan aipatu dugu: Gizarte Ekimenetako langileen birkokatze prozedurak ez zuen ez gardentasunik, ez bermerik ezta sendotasunik ere. Orain, gainera, patronalen presioei men eginez, birkokapen batzordea eta jarraipen batzordea akordiotik desagerrarazi ditu EAEko Hezkuntza Sailak.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 29 greba egun egin ostean, 2019ko azaroaren 9an ELA, Steilas eta CCOO sindikatuak, Kristau Eskola eta Aice-Izea patronalekin zein Hezkuntza Sailarekin akordio batera iritsi ziren, baita Irakasle plantillak zahar berritzeko eta enplegua mantentzeko akordioa sinatu ere. Akordio honen helburua txanda-kontratua finantzatzea eta matrikulazioaren jaitsieragatik galdu zitezkeen lanpostuak mantentzea izan behar zen. LABek ez zuen akordioa sinatu. Besteak beste, hutsune nabarmenak zituelako eta beteko zela ziurtatzeko berme gutxi. Gizarte Ekimeneko langileon zoritxarrerako, beste behin ere, denborak arrazoia eman digu.
Hezkuntza Sailarekin aipatu patronal eta sindikatuek sinatutako birkokapen akordioan batzorde bat aurreikusten zen egon zitezkeen desadostasunak eta akordioaren betetzearen jarraipena egiteko, sindikatu sinatzaileek, patronalek eta Hezkuntza Sailak osatuta.
Ikasturte honetan, akordioaren indarraldia bukatu eta Hezkuntza Sailak negoziazioa berriro ere abiatu behar zuenean, utzikeriaren ondorioz ez da inolako negoziaziorik egon. Ondorioz, aldebakarreko agindu berria egin du Hezkuntza Sailak birkokapen batzordea eta jarraipen batzordea akordiotik ezabatuz.
LAB Sindikatuarentzat oso larria da birkokapen batzordea desagerrarazi eta akordioa bertan behera uzteko Hezkuntza Sailak hartu duen erabakia. Ikastoletako hitzarmenean ez bezala, Gizarte ekimeneko lan-hitzarmenean ez dago birkokapen batzordea jasota eta, beraz, ez ditu patronalak batzorde hori aitortzera behartzen, prozedura betetzeko oraindik ere berme gutxiago izanez.
LABen ustez oso kezkagarria den egoera honen aurrean, harritzekoa da administrazio eta patronalekin batera , Enplegua mantendu eta irakasle-plantillak zaharberritzeko akordioa sinatu zuten sindikatuek dagokionari ardurak eta konpromisoak eskatu ez izana.
Gainera, Gizarte Ekimeneko patronalek kaleratzeak finantzatzen jarraituko dute Hezkuntza Sailak emandako diru publikoarekin; eta sindikatu sinatzaileek babesa ematen diote neurri honi. Gure ustez, hau onartezina da.
LAB Sindikatuak erabakiarekiko kezka eta desadostasuna adierazi zizkion administrazioari apirilaren bukaeran egindako bileran; eta bide beretik dei egiten ditugu sektoreko gainontzeko sindikatuak, gurekin bat egin eta patronalaren aurrean birkokatze eta gardentasun printzipioa betetzera behartuko dituen mekanismoak defendatzeko. Era berean, deigarria izan zen akordioaren sinatzaile eta defendatzailea izan den eta sektorean gehiengoa duen sindikatua bilerara joan ez izana.
LABen aburuz asko dugu jokoan: jaiotze tasaren beherakada dela-eta matrikulazioa jaisten ari den garai honetan, lanpostuak defendatu behar ditugu, diru publikoaren erabilera gardena exijitu, eta ezin dugu ezer borondate eta asmo onen esku utzi; seriotasunez heldu behar diogu gaiari.

LABek langile guztien lan baldintzak defendatzeko batasun sindikala eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko du.


18.info_-UTZIKERIAREN-ONDORIOZ_eus.