Sukalde eta Garbiketako langileak: Lan hitzarmena sinatu ondorengo lehen mahai negoziatzailea izan dugu

186

Martxoaren 21ean sukalde eta garbiketako kolektiboan ordezkaritza dugun sindikatu guztiok lan hitzarmen berria eta bertan jasotzen den ordezkoen araudi berria sinatu genituen.

LAB lehen indarra den hezkuntzako kolektiboetako lan hitzarmen guztiak sinatu dira dagoeneko.

Gaur, sinatu ondorengo lehenengo mahai negoziatzailea izan dugu. Gogorarazi nahi dizuegu martxoaren 22tik V. Kapitulua indarrean dagoela, eta honekin batera 56. artikuluan jasotzen dena:

“Lanaldiaren murrizketak. Adinagatiko murrizketa. 60 urtetik gorako langileek eta ekoizpen arrazoiengatiko kontratua duten langileek heren bateko lanaldi-murrizketa izango dute. Lanaldi-murrizketa hori Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zerbitzu aktiboan 5 urtez gutxienez egon izanaren baldintzapean egongo da. Salbuespenez, desgaitasun ziurtagiria (%25etik goragokoa) duten 60 urtetik goragokoek zein 63tik gorako guztiek ez dute 5 urteko baldintza bete beharko.

Lanaldi-murrizketa metatuta egingo da, egunero sortuko den murrizketa-aldia metatzeko eta urtero ikasturtearen amaieran baliatzeko moduan; edo, modu metatuan modu globalean jubilazio dataren aurreko epean metatuta. Metatze aldian egon beharreko epea ez da luzatuko ezintasun iragankorreko egoeran edo bestelako egoera analogo batean egoteagatik.

Baldintzak betetzen dituzten eta txanda-kontratuari heldu diezaioketen langileek ezin izango dute une horretatik aurrera baliatu artikulu honetan deskribatutako murrizketa.”

LABetik egin dugun eskaera aintzat hartuz, ikasturte honetako martxoaren 22tik sortutako hereneko murrizketa metatzeko aukera emango da: ikasturte honen bukaeran, hurrengo ikasturteko metaketarekin batera ikasturtearen bukaeran edo jubilazio dataren aurreko epean metatuta.

Kategoria berriei dagokionean, sukaldeburuen 43 lanpostu sortuko direnaren aurreikuspena dago. Baita hitzarmenean zehaztuta dauden Arabako 2, Bizkaiko 4 eta Gipuzkoako 4 garbiketaburuen lanpostuak ere. LABetik barne promozioaren araudiaren negoziazioa ahalik eta lasterren egitea eskatu dugu, hurrengo ikasturtean bete behar diren lanpostuak baitira.

Bestalde, sukaldarien eta garbitzaileen ordezkoen zerrendak zabaltzeko akordioa sinatu dugu, lan hitzarmen berriaren II.Eranskinean jasotzen diren baldintzak eskatuko direlarik.

LABek 2022an irakasleen mahaian sinatutako akordioari jarraiki, Hezkuntza sailaren mendeko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako langileak esleitzeko irizpideen dokumentuan zehaztutakoa oinarri hartuta, sare eta sistema informatikoen kudeaketako langileen kategoria sortuko da, zerbitzuetako langileen lan hitzarmen berriaren baitan. Beraz, ikasturtea bukatu baino lehen zerrenda hauek ere zabalduko dira, monografia adostu ondoren.

Bestalde, LABetik sinatu berri dugun hitzarmenean hainbat akats daudela ikusi dugu eta akordio bat egingo da hauek zuzentzeko. Batzuk adostutako edukia gaizki jaso delako, (laneko arroparen ordainsaria garbiketa eta sukaldean 250 euroko delako adibidez) eta besteak, itzulpenari dagokionak.

Gauzak horrela, hainbat dira hemendik eta ikasturtea bukatzeko landu behar ditugu gaiak, beraz, orain arte bezala LABen lanean jarraituko dugu historikoa den hitzarmen hau hobetzen jarraitzeko.

2025-04-08_INFO_SuTaGar