Dakizuenez Lan erreformaz geroztik ezin dira behin-behinekoak ziren laguntza kontratuak egin, eta ekoizpen gorabeherengatiko kontratuak asko jota 6 hilabetez luzatu daitezke alde sozialarekin bestelako adostasunik lortu ezean. Luzapen hau adostu asmoz akordio proposamen itxia ekarri zigun administrazioak aurreko hilabetean eta ez zen akordiorik egon.
Martxoaren 28an, kontratu honekin 6 hilabete bete zituen lehenengo langileari kontratua bukatu zitzaion, eta gaur-gaurkoz, azpikontrata batek egiten du; beraz, iruzurra agerian geratu da, lanpostu horren beharra azaleratu da. Pribatizazioari ezetz esateko eta lanpostu estrukturalen kopurua handitzeko eskatuz mobilizatu ginen Bilboko ordezkaritzaren aurrean martxoaren 29an.
Harrez gero kontratu mota hauen bukaera daten aurrean mobilizazioa eta bide judiziala jorratzen ari da LAB.
LAB sindikatuaren ustez kontratu hauek estrukturalak dira, matrikulazioa, bazkaltiarren kopurua edota garbitu behar diren metroak aurreikusi daitezkeen egoerak direlako, ez dira aurreikusi ezinezko zirkunstantziek eragindakoak.
Horregatik guztiagatik, administrazioari kontratu hauen iraupena negoziatzeko prest gaudela adierazi genion LABetik, eta eskaintzan berresten da. Era berean, pribatizazioarekin bukatzeko apustua eta zerbitzuen publikazioa gauzatu dadin lanean jarraituko dugu.
Atzokoan Amurrioko Mendiko eskolan mobilizatu ginen.
Zalantzak izanez gero edo egoera honetan bazaude jarri gurekin harremanetan!
Sukaldari eta garbitzaileak ere euskal eskola publiko komunitariorantz!
BERRIAK Sukalde eta garbiketako laguntza kontratuen bukaeran aurrean mobilizazioak