Sindikatuok elkarretaratzea egin dugu Jaurlaritzaren aurrean, Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko desadostasuna adierazteko

396

LABek, ELA, eta STEILAS sindikatuekin batera, elkarretaratzea egin dugu gaur Donostiako Eusko Jaurlaritzako egoitza aurrean.

Sindikatuek, EAErako hezkuntza lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, beraien eskaerak plazaratzeko eta Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat dute adostua. Gaurko elkarretaratzea dinamika horren baitan kokatzen da.

Sindikatuek, Hezkuntza sistemako langile guztiak mobilizazioetan parte hartzera animatzen dituzte, balizko Hezkuntza Legea izango bada langileokin eraikitakoa izango delako.

Horrela, bereziki datorren Azaroak 30erako eta Abenduak 14rako deitutako greba eta mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete, adostutako aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein Legean jasoak gera daitezen. Era berean, ikastetxeetan mobilizazioekin bat egin dezaten, Azaroaren 18an sarrera eta irteeratan konzentrazioak egin eta argazkiak ateratzera gonbidatzen dituzte.

Izan ere, EAEko Hezkuntza lege-aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta,egungo hezkuntza-eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela baloratu dute hiru sindikatuek. Eta aldi berean, sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula  partekatzen dute. 

Hezkuntza Legearen behin-betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dute.

Legean jaso beharreko aldarrikapenak:

1.- Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea nahi dugu.

2- Segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duen legea nahi dugu.

3.- Publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea nahi dugu.

4.- Hezkuntza lege propioa nahi dugu.

5.- Inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea nahi dugu.

6.- Euskara erdigunean jarriko duen Hezkuntza legea nahi dugu.

7.- Betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea nahi dugu.

8.- Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu.

9.- Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den hezkuntza legea nahi dugu.

10.- Hezkuntza lege parte-hartzailea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena.