Sindikatuek Gasteizko Francisco Vitoria institutuan laneko osasunean prebentzio falta dagoela salatu dute

668

Ikastetxeko langileek eta sindikatuek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Hezkuntza Ordezkaritzaren
aurrean.

Hezkuntza Sailak eta ikastetxeko zuzendaritzak uko egin diote arrisku psikosozialen ebaluazioa egiteari.

Ikasturte hasieratik hainbat hilabete daramatzagu institutuan bizi den egoerari buruzko kexak jasotzen. Egoera hori aspaldidanik ezagutzen da kolektiboan, eta ELAk, Gasteizko Francisco de Vitoria Institutuko langileekin batzarrak egin ondoren, duela bi hilabete baino gehiago salatu zuen jendaurrean. Salaketa horren arrazoi nagusia zuzendaritza-taldearen zati batek bere klaustroarekin tratatzerakoan eta eguneroko zereginak kudeatzerakoan erabiltzen duen gerentzia-modua izan da. Gainera, lan-osasuneko prebentziorik eta arrisku psikosozialei buruzko ebaluaziorik eza kontuan hartuta, plantillako kide asko emozionalki eta lanaren aldetik eutsiezina den egoera batera eraman ditu, eta, kasu askotan, lanerako ezintasunera. Horregatik guztiagatik, gaur, 2024ko maiatzaren 20an, elkarretaratzea egin da Arabako hiriburuko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean, norabide horretan neurri eraginkorrak eskatzeko.

Gasteizko IES Francisco de Vitoria BHI institutuko langileek aspalditik bizi dituzte egoera onartezinak, arestian azaldutakoari eta arrisku psikosozialen aurreko ebaluaziorik eta neurririk ezari lotuta. Langileen osasun mentalari eta emozionalari eragiten dioten muga-egoerak, gehienak behin-behineko langileak.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta haren hezkuntza-ikuskaritzak muzin egin diote egindako eskaerak betetzeari. Hezkuntza Sailak ezagutzen ditu gertakari horiek eta Institutuan bizi den errealitatea, baina ez du neurri sakonik aplikatu nahi, hala nola, langileentzat ikerketa erreal, objektibo eta segurua egitea eta lehen aipatutako arriskuen ebaluazioa. Horrek agerian uzten du Hezkuntza Sailak ez duela konpromisorik langileen lan-osasunarekin.

Zentzu horretan, azken hilabeteetan egindako lanketaren parte bat sinadura bilketa izan da. Hala, 50 langile baino gehiagok Hezkuntza Sailari lan osasuna bermatzeko behar diren neurriak ezartzeko exijitzen zion dokumentua sinatu dute. Francisco de Vitoriako langileen zati nabarmen bat da hori. Gainera, gaur egun institutuan lanean dauden eta iraganean lan egin duten pertsona askoren testigantzak ditugu. Argi dago beraz gatazka hau ez dela aurtengoa soilik eta lehenbailehen neurriak ezarri behar direla.

Gauzak horrela, deialdia egin duten sindikatuok eta Francisco de Vitoria Institutuko langile askok elkarretaratzea egin dugu ikastetxean bizi den prekarietate-egoera salatzeko. Arrisku psikosozialak berehala ebaluatzea eta lan-giroa hobetzeko neurri egokiak hartzea eskatzen dugu. Langileen mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu, guztion lan-osasuna bermatzeko.

Gora langileon borroka!
Lan osasuna bermatu!

STEILAS-LAB-ELA

Gasteizen, 2024ko maiatzaren 20an