Estatuko azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politiko guztiei sindikatuek egindako gonbidapenaren ondorioz egin dira bilerak. Gainerako alderdi politikoek gonbidapena ez onartzea edo erantzun ere ez egitea erabaki dute
Gaur, Bilbon, ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek deitutako aldebiko bilerak egin dira, Madrilgo Diputatuen Kongresurako deitutako azken hauteskundeetan EAEn ordezkaritza lortu zuten alderdi politikoekin. EH Bilduko eta SUMAReko ordezkariek parte hartu dute aldebiko bileretan. EAJ-PNVk gonbidapenari uko eginez erantzun duen bitartean, PODEMOS, PP eta PSEk erantzun ere ez dute egin.
Bilera horietan, sindikatuek EAEko sektore publikoko azken greba-egunetik hartutako erabakiei eta egoerari buruzko irakurketa helarazi diete. Gainera, sindikatuek proposamen bat aurkeztu diete bi alderdi politikoei. Madrilgo Diputatuen kongresuan zuzenketa edo emendakin bat aurkezteko gonbitea luzatu diete. Emendakina onartuz gero, gure herrialdean euskal sektore publikoko 150.000 langile baino gehiagoren enplegua eta soldata hemen erabakitzea ahalbidetuko luke.
Sindikatuek EH Bildu eta SUMAR alderdiei eskatu diete euren botoak Madrilen erabil ditzatela sektore publikoko langileen lan-baldintzak hemen negoziatu ahal izateko. Hamarkada bat baino gehiago da Madrilek, aurrekontu legeen edo antzeko legeen bidez, esparru publikoko sektore guztietako soldaten eta enpleguaren arloko negoziazio kolektiboari betoa jartzen diola. Beto hori normalizatuta ez geratzeko edota indartzeko, SUMERek kasu honetan egin duen bezala, eskatu diete sindikatuek bi alderdi politikoei. Autogobernua defendatzeko eta beraien botoak erabiltzeko eskatu diete, bereziki oso baliotsuak diren une honetan, gure sektore publikoaren soldata eta enplegu-beharrak hemen negoziatzeko, 80ko eta 90eko hamarkadetan egiten zen bezala. Borondate politikoa badago, posible da.
Bestalde, sindikatuek erabaki dute, bilerara etortzeko gonbidapenari uko egin dioten alderdiei, zuzenketa bidaliko dietela. Eta emendakinarekin batera, alderdi politiko hauekin biltzeko borondatea berretsi dute. Nahi duten formatoan eta lekuan biltzeko borondatea, helburu argi batekin, alderdi politiko horiek euskal sektore publikoko lan-baldintzak eta enplegua gure herrian erabakitzeko aldarrikapena bere egin dezaten eta beraien botoak ere erabili ditzatela autogobernua defendatzeko eta betoarekin amaitzeko.
Azkenik, sindikatuek elkarretaratzeak egingo dituzte EUDELen aurrean, 10:30ean, eta Eusko Jaurlaritzaren aurrean, 11:30ean, maiatzaren 27an, euskal erakundeei eskatzeko Espainiako Gobernuaren azpiordezkaritza huts gisa funtzionatzeari utz diezaiotela, beren eskumenak erabil ditzatela, zerbitzu publikoak indartu ditzatela, pribatizazioak alde batera utz ditzatela, enplegu publikoa sor eta finka dezatela eta euskal herritarrei kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalak bermatzen dizkieten langile publikoen lan-baldintzak hobetu ditzatela.
Euskal Herrian 2024ko maiatzaren 20an
Alderdi-politikoekin-bilera-elebakar-1