Segregazioaren kontrako mahaian egon diren metodologiarekiko orain arteko kritikek Jaurlaritzaren inprobisazioa ekarri dute

245

LABek adierazten du helburua edukietan sakontzea eta segregazioari aurre egiteko neurri zehatzak zehaztea izan behar dela eta ez, Osasun Mahaian bezala, zerbait irudikatzea.

Segregazio Mahaiaren hirugarren bilera burutu da gaur Azpeitiko Izarraizpe ikastola publikoko BHIn. Hezkuntza Sailak diagnostikoaren fasea bukatutzat eman du eragileek diagnostiko horrekiko adostasuna duten galdetu eta ezagutu gabe, eta 2. faseari ekin dio, eskola-segregazioari aurre egiteko printzipioen faseari, alegia. Beraz, sailak ontzat eman du diagnostikoaren dokumentu definitibotzat aldebakarreko erabakiak hartuz osatu duena. Gainera, eragileek ez dituzte besteen ekarpenak ezagutu eta Hezkuntza Saila izan da aldebakarrez dena erabaki duena.

LABetik aurreko bileran adierazi genuen diagnostikoaren behin-betiko dokumentuarekin ez genuela bat egiten, besteak beste, ez zuelako hurrengoa jasotzen:

  • Eskola segregazioaren arrazoien artean sistemaren antolaketa dualaz ari denean, legez debekaturik dauden kuoten kobrantzaren errealitatea jaso behar da. Kuota horien auditoretza egiteaz gainera, Hezkuntza Sailak dituen datuak eragileokin partekatu behar ditu eta kuotak debekatzeko planifikazioa egin.
  • Ikaspostuen gain-eskaintza egoeraren aurrean bestelako eskola planifikazio bat behar dela jaso behar da, era orokortuan D ereduko sare publikoa erdigunean jarriko duena eta modu deszentralizatuan tokian toki erabakiak hartzea ahalbidetuko duena. Diagnostikoak ez du esaten zenbat eskuhartze egin diren tokiko administrazio eta Hezkuntza Sailaren artean.
  • Sare publikoa sistemaren ardatza izateko, bere aldeko desoreka positiboa egin beharra jaso behar du diagnostikoak eta hori planifikatu behar dela.
  • Hizkuntzagatik gertatzen den segregazioa jaso behar du diagnostikoak, izan ere, hezkuntza legeak jaso duen arren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleek euskaraz B2 maila eskuratu behar dutela, gaur gaurkoz eta hizkuntza ereduak mantentzen diren bitartean, hori ez da horrela. Funts publikoak lortzeko betekizun izan behar badu ere, diagnostikoak ez du jaso zenbat ikasle ez diren iristen euskarazko B2 mailara.

Gaurko bileran 2. fasea hasi da, segregazioren kontrako neurriek izan beharreko balio eta printzipioena. Osasun Mahaian gertatu zen bezala, aurreko bileran eragile batzuk metodologiaren inguruko kritikak plazaratu genituenez, Jaurlaritzak araurik ez zuen metodologia aldatu du eta inprobisazioari heldu dio. Inprobisazioaren helburua argia da: eragileak parte hartzen ari direla irudikatzea. LABetik Osasun Mahaian esan genuen bezala, honetan ere esaten dugu, mahaian zerbait irudikatu ordez, helburuak edukietan sakontzea izan behar duela eta segregazioari aurre egiteko neurri zehatzak zehaztea.

Prentsa agerraldiak egiteko foro eta bilerak bultzatzen ditu Pradalesen gobernuak, gaiari sakontasunean eta neurri zehatzekin heltzeko lan saioak egin ordez. LABentzat segregazioari aurre egitea herri erronka bat da, lehentasunez heldu behar zaiona, eta horregatik, publikoki aurkeztu genituen dekalogo batean segregazioari aurre egiteko neurri konkretuak. Neurri hauek hezkuntza komunitate osoarekin partekatzen eta lantzen ari gara, Hezkuntza Sailetik hasi eta udal mailaraino doazen hezkuntza- politikak eraldatzeko borroka egiteko garaia baita.

Bide batez, Jaurlaritzari exijitzen diogu itxurakeriak uzteko eta langileon ordezkari guztiokin gaiari sakontasunean heltzeko, horretarako, segregazioari aurre egiteko printzipioak eta neurri zehatzak mahai negoziatzaileetan landuz. Interes partikularretatik salbu egongo diren foro arautuetan.

2025-11-12_LAB_segregazioa_EU