Salatu dugu Nafarroako Lanbide Heziketako ikastetxeek diskriminazioa jasaten dutela beren araudia NAOn argitaratzerakoan, eta horrek lan-eskubideak murrizten dituela

217

LABek ikusi duenez, Nafarroa Garaian, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa ematen duten ikastetxeekin alderatuta, hilabete eta erdira arteko desfasea dago Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeen araudia argitaratzerakoan, eta langileak erreklamatzeko aukerarik gabe ere uzten ditu.

Ikasturte-hasierako jarraibideak eta eskola-egutegiko eta ordutegi orokorreko jarraibideak Hezkuntza Departamentuak urtez urte NAOn argitaratzen dituen araudiak dira, eta ikastetxeek behar bezala funtziona dezaten gaitzen dute. LABek araudi hori azken 4 urteetan noiz argitaratu den aztertu du, eta ikusi du Lanbide Heziketa eta Arte Plastiko eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzak ematen dituztenek, garraioa beste BHI batzuekin partekatzen badute ere hainbat kasutan gertatzen den bezala, askoz beranduago jasotzen dutela beren araudia. Horrek eragin negatiboa du LHko zentroetako langileen lan-kalitatean.

Jarraian, araudi horren argitalpena aztertzen da, Ikastetxe Integratuen Erregelamendu Organikoarekin batera (16 urteko atzerapena du horrek, eta LABek erabat salatzen du), bai eta COVID pandemian LHko irakasleak eta ikasleak diskriminatu zirela adierazten duten datuak ere.

Urteko araudia, egutegia eta ordutegia

Azken 4 urteetan, LHko ikastetxeek araudi hori jaso dute beste maila batzuetako ikastetxeetako ikaskideek baino 20 egun beranduago, baita eskola-garraioa partekatzen dutenek -eta ondorioz baita egutegia ere- baino geroago ere. LABen ustez, bidegabekeria konparatiboa gertatzen da hor. Zergatik dituzte Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikastetxeek, urtearen arabera, 16, 12 edo 21 egun beren egutegiak aztertzeko, eta, aldiz, LHko ikastetxeek proposamenak aurkezteko epea amaituta dagoenean ezagutzen dute berea?

Egoera hori duela zenbait ikasturte gertatzen ari da, sistematikoki. Lanbide Heziketari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzei buruzko ebazpena NAOn argitaratu da, gainerako ikastetxeena baino bi aste geroago, eta horrek askoz ere epe laburragoa uzten die alternatibak pentsatzeko. Egoera hori larriagotu egiten da LHkoa ez den ikastetxeren batekin ordutegia partekatu behar izanez gero (eskola-garraioagatik batez ere); izan ere, aztertutako lau ikasturteetatik hirutan, LHko ebazpena, egutegia partekatzen den ikastetxearen entrega-epearen ondoren argitaratu da.

Ikasturte hasierako jarraibideen urteko araudia

Lau urte hauetan Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikastetxeek uztailean edo abuztuan ezagutzen dituzte ikasturte hasierako jarraibideak, baina LHko ikastetxeek irailean, askotan ikasturtea bera hasita dagoenean, 2022-2023an bertan gertatu den bezala. Zer hezkuntza-kalitate da hau? Eta hori urtez urte errepikatzen da. Lanbide Heziketari buruzko ebazpena NAOn argitaratzen da gainerako ikastetxeena baino beranduago, zenbaitetan baita hilabete beranduago ere, behin ikasturtea hasita. Eta horrek, noski, zuzendaritza-taldearen eta irakasleen lana ikaragarri zailtzen du.

Erregelamendu organikoa

Lanbide Heziketako ikastetxe integratuek ez dute funtzionamendurako erregelamendu organiko espezifikorik. 2006an, zentro integratuentzako berariazko erregelamendu organikoa egingo zela zioen dekretu bat argitaratu zen arren, 16 urte geroago oraindik ez da halakorik garatu. LABek hori salatu eta zuzentzeko eskatzen du.

LHren diskriminazioa COVIDaren aurrean

2020-2021 ikasturtean, pandemia bete-betean, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta, hein handi batean, Batxilergoko irakasleek oinarrizko langile gisa jaso zuten txertoa. Ez, ordea, LHko irakasleek. Hauek beren adin-tarteari txanda iritsi arte itxaron behar izan zuten, ez baitzituzten funtsezko langiletzat hartu. Gobernuak jartzen duen aitzakia da LH ez dela derrigorrezko hezkuntza. Horren aurrean argudiatu zen Batxilergoko irakasleei ere txertoa jarri zitzaiela, beren ikastetxean DBH zegoelako, baina hori ez zitzaien aplikatu Oinarrizko LHko ikasleak zituzten LHko ikastetxeei, nahiz eta hori ere derrigorrezko irakaskuntza izan.

LABek etapa desberdinetan irakasteko moduari buruzko ezjakintasun handia dagoela salatzen du; izan ere, argi dago segurtasun-distantzia mantentzea eta kontaktua saihestea kontuan hartzen badira, zaurgarritasunak honako segida hau jarraitzen duela: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako lehen mailak aurrenik, eta, Lanboide Heziketa ondoren.

Horregatik guztiagatik, LABek LHko ikastetxeetako edo Arte Plastiko eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntzetako irakasle eta zuzendaritza-taldeek, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoko irakasle eta zuzendaritza-taldeekiko pairatzen duten diskriminazio horri buruzko azalpen onargarri bat eman dezala eskatzen diogu Departamentuari.

Era berean, eta irregulartasun horiek ezabatzeko asmoz, eskatzen dugu hurrengo ikasturteetan Nafarroan edozein motatako irakaskuntza ematen duten ikastetxeei dagozkien eskola-egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak onartzen dituzten ebazpenak (ikasturtean ikastetxe publiko guztien antolaketa eta funtzionamendua arautuko dituzten jarraibideak besteak beste), egun berean eta epe berberekin argitaratzeko.

Gure ustez, halaber, lehenbailehen garatu behar da Ikastetxe Integratuen Erregelamendu Organikoa, bai eta Prestakuntza Dualari buruzko araudia eta horren zain dagoen Lanbide Heziketari buruzko beste edozein araudi ere.

Hezkuntza Departamentuari, eta bereziki Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiari eskatzen diegu lan egin dezatela LHko ikasketak, bertako ikasleak eta bertan lan egiten duten langileak duintzeko, bai irakasleak, bai irakasle ez direnak ere. Hori horrela izateko, LHko zentroetan lan egiten duten langileak funtsezko langile bihurtu behar dira osasun-larrialdiko edozein egoeratan edo edozein motatako egoeretan, baita beste hezkuntza-etapa batzuetako lankideak ere.

Jatorrizko albistea (eta aipatzen diren araudiekin loturak) lotura honetan.