Salatu dugu EAEko Hezkuntza Sailak ez dituela ikasleen inklusiorako beharrezkoak diren ordezkapenak betetzen

283

Urtarrilaren 20an Heziketa Bereziko ikasleen inklusiorako eskubidea kinka larrian zegoela salatu zuen LABek, Hezkuntza Saila interpelatu genuen. Erantzuna isiltasuna izan da, jaramonik egiten ez duenaren  isiltasun gordina. Honen aurrean, mobilizazioa egin du LABek Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Orduan esan genuen bezala, urtea hasi denetik irakasleak ez diren beste kolektiboetan bezala, Heziketa Berezian hamarnaka dira betetzen ez diren ordezkapenak. LABek gainontzeko irakaskuntza publikoko kolektiboetan bezala, 2018ko  sinatutako Akordioan  lehen egunetik ordezkapenak betetzea adostua dagoen arren, Hezkuntza Sailak ez du neurri hori betetzen. EAEko eskoletatik heldu zaizkigu berrien arabera ordezkoak ez dira eskoletara ailegatzen.

Arazorik larriena Bizkaiko lurraldean zegoen orduan, eta otsailaren hasiera honetan larriagotu egin da egoera. 10 eskola baina gehiagotan falta dira Hezkuntza Laguntzako Espezialistak. Hutsune hau ez da egun bakarrekoa eta ondorioz, egunetik egunera, eskoletako egoera okerrera doa. Bertan dauden gainontzeko hezitzaileen lan zama izugarri handitzen ari da eta ezin dute normaltasunez lana aurrera atera. Lanaren kalitatea eta hain garrantzitsua den inklusioa kinka larrian jartzen ari da.

Bitartean, ehundaka ordezkogai etxean daude ordezkapena egiteko deiaren zain. Zerrenden hurrenkeretan arazoak, ordezkogaiak saltatzea eta zerrendetan jenderik ez dagoela entzutea dira, egunero, ordezkogaiek jasan behar dituzten mezuak.

Horrez gain, ikasturtea hasi denetik EAEko hiru lurraldeetan Zeinu Hizkuntzako Interpreteen falta ikaragarria da. Gipuzkoan 78 egunez ez da Zeinu Hizkuntzako Interpreterik egon; Araban 250 egunez, eta Bizkaian 166 egunez. Okupazio Terapeutetan eta Fisioetan ere, ordezkatzeetan huts egiteak nabarmenak izaten ari dira. Araban, adibidez urritik Okupazio Terapeuta baten hutsunea urtarrilean bete zen.

Gauzak horrela, asteburuan Zeinu Hizkuntza interpreteak eta okupazio terapeutak ordezkatzeko Hizkuntza eskakizunik gabe lan poltsetan izena emateko deialdi berezia ireki dute. LABek, ikasleen hizkuntza eskubideak bermatze aldera, aukera hau erabili baino lehen, Eusko jaurlaritzako beste Sailetan dauden lan poltsak baliatzea eta Zeinu hizkuntzako interpreteetan diplomatuak direnei deialdia zabaltzea proposatu du, baina ez dugu erantzunik jaso. Nahikoa dela uste dugu. Langileon bizitzarekin jolasean dabiltza inolako ardurarik gabe, eskoletan lana ezin aurrera atera dabiltzan bitartean.

Horregatik, otsailaren 7an, EAEko eskola publikoetako langileek, heziketa bereziko hezitzaileek, sukaldari, garbitzaileak, Haurreskoletako haur hezitzaileek eta hezitzaileek kontzentrazioak burutuko ditugu, eskolara sartzeko orduan, “Aurrez aurreko eskolak bermatzeko ordezkapen guztiak bete orain!” lelopean.