Prentsaurrekoa Nafarroa Garaian: Departamentuak eragozten du hezkuntza publikoaren hobekuntza

430

Bigarren grebaren ondoren, LAB, STEILAS, CCOO, ELA eta UGT sindikatuok bilera bat eskatu genion Maria Chivite lehendakariari, hezkuntza publikoa hobetzeko negoziazioa abiarazteko.

Dirudienez, lehendakariak ez zuen bere agendan inolako tarterik hilabete guztian gurekin elkartzeko, ezta Carlos Gimeno kontseilariak ere eta, horren ordez, bi zuzendari nagusi aurkeztu dira maiatzaren 3ko bilerara. Zuzendari nagusi horiek inposizioa eta negoziatzeko ukoa baizik ez dute agertu legegintzaldi guztian.

Bilera hasi bezain laster, oso argi utzi zuten ez zutela aldarrikapen-taulako punturik aztertzeko asmorik, eta eragotzi digute 2023-24 ikasturtean ezar daitezkeen hobekuntza zehatzen proposamena azaltzea. Departamenduak argudiatu zuen negoziazio guneak beste batzuk direla, eta horietako batean ez daudela sindikatu guztiak ordezkatuta, sindikatuetako bat negoziaziotik kanpo utzita. Jarrera hori ez dator bat Nafarroako Gobernuak lan baldintzak negoziatu eta hobetu diren beste sektore batzuetan agertutakoarekin, langileen kontratazio gehiago eta ordainsari igoerak barne. Beraz, gezurra da hobekuntza horiek ezin direla negoziatu desegindako Parlamentuarekin eta jarduneko Gobernuarekin.

Era berean, kontseilariak hezkuntza-etapetako batez besteko ratioak maltzurkeriaz erabili dituela salatzen dugu, ratio horiek sindikatuen eskaeren azpitik daudela adierazi baitzuen. Ezin dira batez besteko ratioak erabili hiriguneetako ikastetxe askok jasaten duten masifikazioa ezkutatzeko.

Blokeo eta tratu txar horien aurrean, erabat gaitzesten dugu kontseilariaren jokabidea, eta kargutik kentzea exijitzen dugu. Bere burua aurrerakoitzat jotzen duen gobernu batek ezin du Hezkuntza Departamentuaren buru izan irakasleen ordezkariekin negoziatzeari sistematikoki uko egiten dion pertsona bat. Berriro kalera atera behar dugu eta, horregatik, maiatzaren 24rako manifestazio batera deitzen dugu, datorren ikasturtean proposatutako hobekuntzak ezar daitezen.

Hona hemen bilerara eraman ziren aldarrikapen-taularen zehaztapenak:

Ratioen jaitsiera

  • Ratioak 20ra murriztea Haur Hezkuntzako maila guztietan (3-6 urte).
  • Eskola txikietan, Haur Hezkuntzan, maila anitzeko geletako ratioak murriztea (14tik 12ra, bi maila badaude, eta 12tik 10era, hiru mailatako ikasleak badituzte).
  • Egutegi bat ezarriko da ratioen jaitsiera etapa guztietara zabaltzeko (Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketa…).

Plantillen egonkortasuna

  • Departamentuaren konpromisoa lanaldi osotzat hartzeko Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako gutxienez 15 eskola-orduko kontratuak, eta Haur eta Lehen Hezkuntzako gutxienez 18 eskola-ordukoak.

Gainzama murriztea

  • Adinagatiko ordutegi murrizketa zuzendaritza taldeetan ere aplikatzea, eta ordu horietan ikastetxean egon beharrik ez izatea (benetako murrizketa).
  • Ikastetxeetan ezartzen edo garatzen den edozein programarekin batera, ordu zuzkidura eman behar da.
  • Prestakuntza instituzionaleko orduak 12 ordura murriztea eta prestakuntza orduak bi ikasturtetan bateragarriak izatea.
  • Administrariak ikastetxe guztietan, eskola txikiak barne.