Poztasunez hartu dugu aurretiazko erretiroagatiko saria ez galtzeko epaitegiak egindako ebazpena

496

Ehunka irakasle ohiek abiatutako salaketaren ondorioz atera den ebazpenak lan hitzarmenean jasota dagoen eskubidea bete behar dela ebatzi du. Murrizketen garaian hartutako neurriak ezin direla betikotu eta azken urtean Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera kolokan jartzen du aipatu ebazpen judizialak.
Adostuz irakasle erretiratuen plataformak publiko egin berri du 2.600 langile baino gehiagok egindako salaketaren ebazpen judiziala. Lehen instantzian eman den ebazpena izan den arren, administrazio publikoetan lan eskubideak mantentzearen aldeko argudio esanguratsuan planteatzen ditu. Gure ustez ebazpen garrantzitsua da zalantzarik gabe, maiz aldebakarrez politikariek hartzen dituzten erabakiak lan eskubideak urratu ezin ditzaketela esaten baitu. Ebazpen honek bere garaian dekretuz ezabatu nahi izan ziren aurretiazko erretiroarengatik ordaintzen diren sariak jasotzeko eskubidea aitortzen du; ordaintzeko debekua altxatzen denean beraz, Eusko Jaurlaritzak sari hauen ordainketa egin beharko du.
Murrizketen garaian hartu ziren hainbat neurri betikotzeko estrategia garbia dago, hala nola %5eko soldata murrizketa eta erretiro sarien ordainketa. Bere garaian Eusko Jaurlaritzak murrizketak gogoz kontra egiten zituela
esaten zuen arren, hauek betikotzeko estrategiarekin bat dator. Negoziazio eremuetan ez du gai hauei buruz inolaz ere hitz egin nahi, egindako murrizketa hauek “normaltasun berriaren” baitan kokatzen dituelarik.
LAB Adostuz kolektiboaren ondoan izan da beti, eta negoziazio kolektiboko mahaietan murrizketak leheneratzea gure aldarrikapen nagusia izaten jarraitzen du. Ebazpen judizial honek indar gehiago ematen digu eta, orain arte egin dugun moduan, murrizketa guztiak leheneratzeko aldarrikapenarekin tinko jarraituko dugu, kalean zein negoziazio mahaietan ere.
Hori guztiarengatik, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu erretiroa aurretik hartu eta beraien pentsioan galera izan zuten langile guztiei dagozkien sariak ordaindu diezazkiela. Horrekin batera, oraindik indarrean dauden murrizketak leheneratzeko plangintza bat adostea eskatzen diogu, batez ere egindako soldata murrizketen berreskurapena.

Iturria: NAIZ. Egilea: Aritz LOIOLA | FOKU