Osatu da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Ikastoletako mahaia

464

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ikastoletako Mahai negoziatzailea osatu zen 2022ko maiatzaren 18an. Langileen aldetik, LAB sindikatuak %75,86ko ordezkaritza izango du, eta ELAk, %23,45ekoa. Titularren aldetik, berriz, ordezkaritzari begira, honela gelditu zen osatua: Ikastolen Elkartea-Partaide, %79, eta EIB, %21.
Bestalde, Lan erreforma berria dela-eta, 2022-2023 ikasturteari begira, ikasturte hasieran ikastolek egin behar dituzten kontratazioak erregulatzeko proposamena luzatu zuen mahaian Ikastolen Elkarteak. Proposamenak bi atal ditu: alde batetik, Lan Hitzarmeneko Lan kontratuen gainean ari den 23. artikuluan aipatzen diren ekoizpen-gorabeherengatiko kontratuei eta ordezkapen kontratuari dagokiona; eta, beste aldetik, aldizkako lan-kontratu finkoei dagokiona.

Luzatu diguten proposamena jaso eta orain ongi aztertzea dagokigu gure babesa eman ala ez erabakitzeko.
Era berean, Ikastolen Elkartea-Partaide ikastolen artean zabaldu den Beharrizan eta eszedenteen galdetegiaz aritu ginen. Epea joan den astean bete bazen ere, hainbat ikastolek ez dituzte aktak bidali; baina zenbait ikastolek langile eszedenteak aurkeztuko dituztela aurreikusten da.
LABetik eskatu genuen ahalik eta azkarren datuak eskuratzea. Errealitatearen ahalik eta argazki fidelena izan nahi dugu, lehenbailehen gaiari heldu eta hurrengo ikasturtean egon daitezkeen beharrekin, langile guztientzat lanpostuak mantentzeko aukera zabaltzeko. LABetik prozedura honen balorazio oso positiboa egiten dugu, ikastoletako langileen lanpostuei eusteko tresna baliagarria baita.
Azkenik, 2021eko Lan Hitzarmenaren testuari dagokionean, Ikastolen Elkartea-Partaidek testua orraztu eta berridazteko lana hartu zuen beregain. Testuari egindako zuzenketak aurkeztu zituzten mahaian eta hurrengo Lan Hitzarmenaren negoziazioan, oinarrizko testu gisa erabiltzea erabaki genuen alde guztiek. Bien bitartean, LABetik oso positiboki baloratu genuen euskarazko testuari egindako azterketa. Gure aldetik konpromisoa hartu genuen orraztutako testuan proposatutako hizkuntza erabilera egiteko.
Mahai negoziatzailearen hurrengo bilera ekainaren 14a izango da.

PDF Embedder requires a url attribute Lan-hitzarmena-infoa-2022-05-191