Olabide ikastolako langile batzordeak azken astean eginiko kaleratzeak salatu nahi ditu

1688

Gainera, Ikastolako Artezkaritzak Batzordeari adierazi dio epe motzean zerbitzuak eta lanpostuak pribatizatzeko aukera zabalik utzi duela Batzordeak deituta, aste osoan zehar kontzentrazioak gauzatu dira Ikastolan bertan.

Olabide Ikastolak gastuak murriztu nahian zerbitzuen kudeaketa azpikontratatu eta bertako langile 2 kaleratu ditu. Hain zuzen ere, kaleratuak izan diren bi langilek laneko jazarpen morala salatu zuten aurreko gerentearen aurka. Ikerketa Batzordeak gatazka konpontzeko egindako proposamenari ezetz esan zion Olabide Ikastolako Artezkaritzak eta orain epaile batek arrazoia eman dio langile bati. Bigarren langilea epaiketaren zain dago oraindik.

Olabide Ikastolako Enpresa Komiteak salatzen du bertako gerentziak arrazoi ekonomikoak aitzakiatzat jarrita bi langile kaleratu dituela eta Ikastolako zerbitzuak azpikontratatzeari ateak ireki dizkiola, administrarien kudeaketa azpikontratatuz. Hori dela eta, enpresa komiteak bultzaturik bertako langileak gure kontrakotasuna adieraziz aste honetan zehar egunero mobilizatu gara.
Olabideko langileon enpresa komiteak ez dugu inolaz onartzen Ikastolako Artezkaritzak hartutako bidea. Beste Ikastoletan inongo kaleratzerik egin gabe eta langile propioak mantenduz bertako bideragarritasuna posible bada, ez dugu ontzat ematen Olabiden horrela ez izatea.

Horretaz gain, salatu nahi dugu Olabide Ikastolako Artezkaritzak ez duela inolako asmorik izan bertako komitearekin gaia lantzeko eta bideratzeko. Erabakia hartu eta informatu baino ez du egin.

Enpresa Komitetik argi adierazi nahi diogu Artezkaritzari zerbitzu bat azpikontratatzea ez dela bideragarriagoa ez ekonomikoki, ez zerbitzu ona mantentzeko ere. Kontrakoa, azpikontratazioak zerbitzua okertzea dakar eta langileon prekarizazioa. Gainera, ikastolako langile propiorik gabeko zerbitzua izanik, ikastolarekiko inolako konpromisorik gabea da.

Administrarien kudeaketa azpikontratatzeko asmoa badu Artezkaritzak, zer gehiago ez ote du pribatizatuko eta azpikontratatuko? Hori al da Olabiderako defendatzen duten Ikastola eredua? Enpresa Komiteak eta langileok orohar, adierazi nahi diegu Ikastolan lan egiten dugun langile guztiok bertako langile kontratatuak izan behar garela, Ikastoletako lan-hitzarmen propioa aplikatzen zaigularik. Hori da zerbitzuen kudeaketa ona izateko eta langileak gehiago ez prekaritzatzeko bide bakarra.

Horregatik guztiagatik, Olabide Ikastolako Enpresa Komiteak ez du kaleratze bat ere onartuko eta gure esku dauden mobilizazio eta bide guztiak jorratuko ditugu langile hauek berrartuak izan arte.

Euskal Herrian, 2024ko uztailaren 11n.