Nafarroako itunpeko hezkuntzako murrizketarik gabeko akordio berria lortu dugu

470

(Nafarroa, Gizarte Ekimenekoa, Ikastolak)

LABek SEPNA eta UGTrekin batera uda osoa iraun duen borrokaldiaren ostean, ekainean ordezkaritza sindikalaren %1rekin patronalek sinatutako murrizketak bertan behera uztea, eta 2017an sinatu genuen akordioarekin parekatzen dituen neurriak akordio berrian sartzea lortu dugu.

Pasa zen ikasturte amaieran jakinarazi genuen Hezkuntza Departamentuak sindikatuak negoziazio mahaitik bota eta ontzat eman zuela patronalek hurrengo bi urteetarako USO eta CCOOrekin (bien artean %1) ekainaren 30ean sinatu zuten akordio murriztailea.

Murrizketak hauexek ziren:
– Errelebu kontratuan sartzen diren langileak lehengo soldata berdintzeko osagarria desagertzea.
–  57 urtetik aurrera ikas orduen arintzea bi ordukoa izatea soilik errelebu kontratua izan arte, aurreko lau urteetan lau ordu gutxitzeko aukera desagerraraziz.

Ekainetik LABek SEPNA eta UGTrekin batera (ELAri bat egitera gonbidatu zitzaion baina berehala uko egin zion batasun sindikalean parte hartzeari) elkarretaratze ugari, Hezkuntza eta patronalekin bilera dezente, hainbat prentsa-ohar, prentsaurreko bat eta alderdi politikoekin bilera erronda egin ondoren, Nafarroako Parlamentuak gure aldeko bi adierazpen onartu zituen.

Parlamentuak berak gehiengo osoz onartu zuen lege bat zeinek, besteak beste, sinatutako akordioaren murrizketak bertan behera uzten zituen.

LABek afiliatu eta delegatuekin kontrastatu ondoren, murrizketarik izanen ez duen eta 2022ko ekainera arte iraunen duen Akordioari gehiengo sindikalarekin batera atxikitzea erabaki du. Honen ondorioz Akordioa aplikazio orokorrekoa izanen da: errelebu kontratua, adinagatik ikas orduen murrizketa, e.a. Nafarroako Gobernuak edo Espainiako Gobernu Delegazioak legea inpugnatuko balute, aurrean izanen gintuzkete.

LABek lanean jarraituko du besteak beste, orain arte langileoi hainbat soldata igoera suposatu digun Akordioa bere osotasunean bete dadin, ahalik eta lasterren galdutako soldaten analogia berreskura dezagun, sindikatuak, patronalak eta administrazioa barnebilduko dituen mahaia berreskuratzeko eta Nafarroako Itunpeko Lan Hitzarmen duina lortzeko.