Nafarroako Hezkuntza Itun Sozialaren LABen balorazioa

312

PSN-k, Geroa Baik, Podemosek eta IEk 2019an sinatutako akordio programatikoan oinarriturik, Carlos Gimeno Hezkuntzako kontseilariak Nafarroako Eskola Kontseiluaren eta, ondorioz, bertako kide garen kontseilukideen esku, utzi zuen Nafarroako Hezkuntza Itun Soziala adosteko lana.

LABek behin eta berriz adierazi zuen ez zegoela ados itun hori egiteko moduekin eta denborekin -oso epe laburrean eta Ituna egiteko enkargua adituei beharrean kontsultoria bati utzita- eta dei egin genion Nafarroako hezkuntza-komunitateari emankorra izango zen prozesu bat bultza zezan; baina hau gertatzen ez zela ikusita, LABek -beste eragile askok bezala -Nukleo Administrazioko Langileen Batzordeak, Udal eta Kontzejuen Federazioak, Herrikoak, Sortzenek eta Steilasek- ez du Ituna sinatu. Guk behin eta berriz iragarri bezala, Eskola Kontseilua gure eskaerei entzungor egitearen eta arestian aipatutako arrazoien ondorioz, Itunaren emaitza etsigarria izan da. 

Ituna ez da originala, ez du ezer berririk jaso eta hemen bertan ditugun erronkei ere ez die aurre egiten. Puntuetako asko literatura hutsa dira, zehaztasunik gabeak eta, LABen ustez, asko hobetu daitezke.

Euskarazko irakaskuntzari dagokionez, zonifikazioa eta borondatezkotasunera mugatzen du, erreferentziazko atzerriko hizkuntzetako elebitasun- eta ikaskuntza-programetara alfonbra gorria zabaltzen dien bitartean. Beraz, familiek ezin dute aukeratu seme-alabentzat nahi duten komunikazio-, jolas-, bizi- hizkuntza.

Publiko-pribatua dikotomiari dagokionez, gaia zuzenean baztertu izan da, denak berdin jarraitzen du eta ez du gure helbururantz -eskola publiko komunitario baterantz- pausorik ematen. Trantsizioan elizaren eskolei eman zitzaizkien erraztasunei eta pribilegioei, ordea, eusten die. LABek egungo eskola publikoaren eta bokazio publiko/komunitarioko itunpeko eskolaren arteko konfluentzia estrategikoa defendatzen du, hezkuntza-helburu elitistak dituzten eskolak alde batera utziz.

Bestalde, Itunak jasotzen du kalitate-maila egokiak bermatuko dituzten ratioak lortu behar direla, ikastetxeei, irakasleei eta gainontzeko langileei egonkortasuna emango dieten ratioak. Erabat ados, baina gogorarazi nahi diogu Gimeno jaunari puntu hori jasota dagoela jada Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunean -bete ez dena eta 2022ko abuztuaren 31tik iraungita dagoena-, eta bere legealdi osoan ez duela gaiari heltzeko ahaleginik egin.

Adostutako puntu asko “Administrazioak hartzen duen esparruaren mende” geratzen da, hau da, une bakoitzean ezartzen diren dekretuen eta aginduen arabera aplikatuko dira –ikastetxeen autonomia edo hezkidetza-programak, esaterako–. Dagoeneko urteak daramatzaten beste puntu batzuk berrikuntza gisa saldu dizkigute Itunean sartutakoan, baina kea besterik ez dira -hornidura zaileko lanpostuagatiko pizgarria, adibidez-.

Amaitzeko, LABek azpimarratu nahi du eskola publiko komunitario, euskaldun, feminista, doako, laiko, naturarekiko errespetuzkoa eta inklusibo baten alde lanean jarraituko dugula.

Jatorrizko albistea Nafarroako LAB Zerbitzu Publikoetako webgunean.