Nafarroako Gobernuko haur eskoletan ratioak igotzeari eta masifikazioari EZ

231

Zazpi haur eskolak Hezkuntza Departamentura igaro zirenean, ratioak handitu egin ziren eta horrek zerbitzuaren kalitatea nabarmen murrizteko arriskua ekarri zuen; orain Nafarroako Gobernuak beste koska bat estutuko du, eta datorren ikasturtetik aurrera indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen gehieneko ratioak ezarriko ditu: 8-12-16. Argi dago, berriz ere, arlo ekonomikoa gailentzen ari dela zerbitzuaren kalitatearen gainetik.

Duela 40 bat urte sortu zen haur eskolen beharra, emakumea lan arloan sartzearekin bateratsu. Hasieran laguntza premia bati erantzuteko sortu zen proiektua, baina, denboraren poderioz, hezkuntza-funtzio bat betetzen hasi zen. Hezkuntza-funtzioak hezitzaileen gaineko exijentzia areagotu egin zuen eta, horrekin batera, haien lanari eta profesionaltasunari balioa eman zien. Hezitzaileen egitekoa ez zen jada haurren behar fisiologikoak asetze hutsa, baizik eta behar fisiko, psikologiko eta soziala ere laguntzea eta bultzatzea, betiere haur bakoitzaren garapena egokia zela bermatzearren.

Gaur egun, Nafarroako Gobernua zazpi haur eskolen titularra da: Egunsenti Burlatan, Niño Jesús Corellan eta beste 5 Iruñean, hots, Los Angeles (Alde Zaharrean), Ninia Etxea (Zabalgunean), San Jorge (izen bereko auzoan), Santa Teresa (Txantrean) eta Roncesvalles (Etxabakoitzen). 2022ko abuztuan zazpiak Hezkuntza Departamentuan txertatu ziren.
Aldaketa horrek ilusioz eta itxaropenez bete gintuen hasieran, espero genuelako 0-3 zikloak merezi duen garrantzia eta izaera hezitzailea lortuko zuela. Baina ez zen horrela izan.

Hezkuntza Departamentuak egin zuen lehenengo gauza izan zen ratioak handitzea (2022-2023 ikasturterako jarri zuen martxan, hau da, eskualdaketaren hurrengo hilabetean). Ratio horiek, berez, oso urrun daude Europako Batzordearen Haurrentzako Arretarako Sarearen gomendioetatik, hezitzaile bakoitzeko honako maximo hauek ezartzen baititu: 0 eta 12 hilabete bitarteko 4 haur, 12 eta 24 hilabete bitarteko 6 haur, eta 2 eta 3 urte arteko 8 haur. Ratioak handitu izana nahigabe handia izan zen profesionalentzat, eta atzerapausoa ekarri zuen haurrak artatzeko eta zaintzeko lanen kalitatean.

Baina atzerapauso hori hasiera besterik ez da izan. Duela gutxi jakin dugu 2023-2024 ikasturterako Nafarroako Gobernuaren Haur Eskoletako 0-3ko plazen eskaintzan ratioak handiagoak izango direla. Horrek esan nahi du hezitzaile bakoitzak bere ardurapean izango dituela 0 eta 12 hilabete bitarteko 8 ume, 12 hilabetetik 24ra bitarteko 12 ume, eta 2 eta 3 urte bitarteko 16 ume (betiere haur bakoitzeko 1,75 m²-ko espazioa baldin badago). Beraz, espazioa ahalik eta gehien doitu eta estutu egin beharko da eta, beraz, haurrak aske mugitzeko aukera mugatu egingo da. Hori gutxi ez eta, eskolak eta gelak ratio berrietara egokitzeko izango duten inbertsio ekonomikoa ia hutsaren hurrengoa izango da.

Sektoreko profesionalok TRISTE, DESILUSIONATUTA eta BAZTERTUTA sentitzen gara. Eta zergatik ez esan? OSO HASERRE ere bai! Oraingoan ere, beste askotan bezalaxe, ez dira kontuan hartu adingabeen eskubideak eta beharrak, ez familien konfiantza, ezta profesionalen irizpidea ere. Irizpide ekonomikoak jarri dituzte gure eskolek eskaini behar duten kalitatearen eta ongizatearen gainetik. Orain arte profesionalen inplikazioari eta lan onari esker eutsi diegu kalitateari eta ongizateari, baina, ikusita zein baldintza ezarri dizkiguten, ikusteko dago hemendik aurrera horiei eusteko gai izango garen.

Jatorrizko informazioa, Nafarroa Garaiko Zerbitzu Publikoetako LABen webgunean.