Nafarroako Gobernuaren 7 haur eskolak Hezkuntza Departamentuan txertatu dira, baina pauso horrekin batera ez dira langile guztiek espero genituen hobekuntzak etorri. Are gehiago: arlo batzuetan okerrera egin dugu.
Gaur egun, titulartasun publikoko 7 haur eskola besterik ez dago Nafarroako Gobernuaren kudeaketa pean: Egunsenti (Burlatan), Niño Jesús (Corellan) eta Orreagako Ama Birjina, Ninia Etxea, Sanduzelai, Santa Teresa eta Aingeruen Andre Maria (Iruñean). Zenbait urtez eskatu ondoren, azkenean, Hezkuntza Departamentuaren menpe daude gaur egun. Jende guztiak onartzen du hori lorpen handia izan dela, eta langile guztien onerako izan beharko lukeela. Bai, baina ez. Funtzio Publikotik Hezkuntzara igarotzeak ez du berekin ekarri denok espero genuena: batetik, langileen aurreikuspenak ez dira bete, eta bestetik, okerrera egin dugu arlo batzuetan.
Bai, langileok genituen aurreikuspen batzuk ez dira bete, batez ere, irakasle gisa hartzen ez gaituztelako. Haur-hezitzaileok irakasleen betebeharrak ditugu orain, baina ez ditugu ez haien eskubideak, ezta haien izaera ere. Eta, gure iritziz, hori lortzea ezinbestekoa da gure lanbidea eta gure lana duintzeko. Gainera, Hezkuntza Departamentuak ez du gure lanpostuen lan arriskuen benetako balorazioa egin. Kontuan harturik egiten dugun ahalegin fisiko eta emozionala eta eritasun infekziosoren bat hartzeko dugun arriskua, balorazio hori egitea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu, eta, gainera, presakoa da, langileen eta haurren familia guztien onerako.
Ratio handiagoak, gardentasun gutxiago
Tamalez, Hezkuntza Departamentura igarotzearen ondorioak ez dira horiek bakarrik: ikasturte honetan, ikasleen ratioak handitu dituzte. Igoera horrek herritarrei ematen diegun zerbitzuaren kalitatearekin lotura zuzena du, eta hori kontu garrantzitsua da, gure ikasleen adina kontuan hartzen badugu. Alderdi hori oso lotua dago laneko arriskuen balorazioarekin. Horregatik, LABetik eskatzen diogu Hezkuntza Departamentuari lehenbailehen egin dezala arriskuen balorazio hori, argi eta garbi daukagulako analisi horrek erakutsiko duela ratioak jaitsi beharra dagoela, Europan daudenekin parekatze aldera.
Horrez gainera, kontratazio zerrenden kudeaketan ere okerrera egin dugu. Kontratazioa ez da espero genuen bezain gardena eta azkarra izaten ari, eta hori oso kaltegarria da eskolen funtzionamendurako. Bereziki larria da zerbitzu orokorretako langileen zerrenda; izan ere, zerrenda hori Funtzio Publikoak kudeatzen du, eta asko atzeratzen dira langile berrien kontratazioak egiten.
Horregatik guztiagatik, LABek Hezkuntza Departamentua premiatzen du behar diren neurriak eta erabakiak har ditzala Nafarroako Gobernuko haur eskolek gaur egun daukaten egoera konpontzeko bidean jartzeko. Hauexek dira langileen eskakizun nagusiak: errekonozimendua, laneko arriskuen balorazioa egitea, ratioak jaistea eta kontratazio zerrendak hobeki kudeatzea. Eta horixe bera eskatzen dute zerbitzuaren erabiltzaileen familiek ere, kalitatezko zerbitzua bermatzeko ezinbesteko eskakizunak direlako.
Jatorrizko tartea Nafarroako LABeko Zerbitzu Publikoetako webgunean.