Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lan Hitzarmen berriaren negoziazioan, momentuz edukirik ez

247

Urriaren 24ean burutu zen mahai negoziatzailean Ikastolen Elkarteak zein EIBk ez zuten lan-hitzarmena negoziatzen
hasteko ia edukirik aurkeztu.

Pasa den ostegunean burutu zen Lan-hitzarmeneko mahaian Ikastolen Elkarteak eta EIBk bi berri nagusi ekarri zituzten. Batetik, Hezkuntza Sailak Errelebo Kontratuen finantzazioa egongo dela ziurtatu zuela adierazi zuten eta bestetik aurreko mahai negoziatzailean sindikatuok aurkeztu genituen eskakizun plataformei erantzuna eman zieten.
Errelebo kontratuei dagokienez, 2023ko Eusko Jaularitzaren aurrekontuetan ikastoletako Errelebo kontratuak finantzatzeko diru partida egongo dela ziurtatu zuten. Zentzu horretan, zenbateko diru partida eta zein baldintzetan emango den ez zekitela adierazi zuten. LABek errelebo kontratuak ahal bezain azkarren eta langileentzat baldintzarik hoberenetan ematea aldarrikatu zuen berriz ere.
Lan-hitzarmeneko negoziazioari dagokionez, Ikastolen Elkarteak eta EIBk hitzarmen berri honen negoziazioa EAEko Hezkuntza Lege berriarekin lotu zuten. Mahai gainean honako edukiak jarri zituzten:
1) Lansariei dagokienez, azaroan administrazioak langile publikoei aplikatuko dien %1,5 igoera ikastoletako langile guztiei oinarrizko soldatan eta antzinatasunean aldebakarrez aplikatuko diela aurreratu zuten EHIk eta EIBk. Administrazioak igoera abenduan aplikatuz gero, ikastolek hilabete horretan bertan gauzatuko zutela adieraziz. LABetik Madrilen UGTk eta CCOOek negoziatutako igoera hori eros-ahalmena berreskuratzeko nahikoa ez zela salatu zen. LABek negoziazio-kolektiboari loturiko gaiak – soldata barne – Euskal Herrian negoziatzeko aldarria egiten du eta eros-ahalmena bermatzeko EAEn zein Nafarroan Gobernuek duten borondate eza salatu. Horregatik, azaroan zehar gaiaren inguruko mobilizazioak deituko ditu sindikatuak.
2) EHIk 2011-2015 urte arteko zorrari dagokionez, 2022ko abenduaren 31 baino lehen 2012-2015 urte arteko zorra kitatzeko konpromisoa hartu zuten. Ikastolaren batean zorrak ordaintzeko altxortegi arazoak baleude, bertako langile ordezkariekin zor hori bere osotasunean noiz kitatu adostea proposatu zuen.
3) Ikastoletako proiektu pedagogikoak garatu ahal izateko urteko lanorduen jaitsierarik ez zutela aurreikusten adierazi zuten.
4) Baimen eta lizentzien inguruan ez zuten ezer adierazi. LABetik honakoa adierazi genuen:

  1. Aurkeztutako edukiak ez ziren nahikoa izan.
  2. Langile publikoekiko homologazio bidean KPIaren araberako lansari igoerak.
  3. Zorraren kitapena positiboa bada ere, 2011 urteko zorra ordaintzea aldarrikatu zen.
  4. Urteko lanorduen jaitsiera posible eta beharrezko zela aldarrikatu zen, proiektu pedagogikoak kalitate handiagokoak dira langileon lan-baldintza hobeekin.
  5. Baimen eta lizentzien inguruan ezer ez adieraztea egokia ez zela aldarrikatu zen, areago bizitza eta enplegua uztartzeko egun kapitalak jartzen dizkigun muga guztiekin.

LABen helburua Euskal Eskola Publiko Komunitarioa eraikitzeko lan-hitzarmen duin bat erdiestea da. Horretarako negoziazio eta borrokarako bere prestutasuna adierazi zuen.

Info-lan-hitzarmeneko-mahaia-2022-10-27