Nafarroako Hezkuntza Departamentuak guraizeak dantzan jarri ditu hezkuntzan murrizketak egiteko. Bere biktimak euskaraz ikasten duten ikasleak beste behin ere, eta ez da kasualitatea. Oraingoan, ordea, murrizketa horietako batzuk teorian egoera zaurgarrian dauden ikasle “banaketa orekatua” lortu nahi duen marko legal berrituaren testuinguruaren aitzakiapean datoz. Aitzakia honekin, D ereduko hainbat ikasle are kaltetuagoak suertatuko dira A-G ereduko ikasleekin alderatuta.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak datorren ikasturteko aurre-matrikula garaiari begira ikasleen harrera arautzen duen legezko markoa berritu du. Saldu duten bezala, helburua da egoerarik zaurgarrienean dauden eta hezkuntza-premia espezifikoak dituzten ikasleen banaketa orekatuagoa lortzea segregazioa murriztu eta aukera berdintasuna bermatzeko asmoz . Itxuran parte-hartzailea izan den prozesuaren bidez gai hau arautzen duten Foru Dekretua eta Agindua berritu dira, baina funtsean LAB eta beste hezkuntza eragile guztien ekarpen gehienak bazterrean utziz. Izan ere, nagusiki jatorri sozio-ekonomikoagatik zaurgarriak diren ikasleen banaketa hutsa arautzera mugatu dira diagnosi, prebentzio eta ikasleen arreta espezifikoari erreparatu gabe. Departamentuak segregatutako eskoletan ratioak jaisteko eta baliabide gehiago esleitzeko aukera aurreikusten badu ere, ez du inongo konkreziorik zehaztu nahi izan, norabide horretan zihoazen LABen ekarpenak atzera botaz. Guk dakigula, datorren ikasturtean inongo eskolatan ez dira ratio baxuagoak aplikatuko edo aparteko baliabiderik esleituko behar espezifikoak dituzten ikasleak artatzeko.
Departamentuak bestelako segregazio motak baztertu eta ukatu ditu, hezkuntza-premia espezifikoak dituzten eta beste irtenbiderik jorratu gabe medikalizatzera kondenaturik diren ehunka ikasle nafarren aferari heldu gabe; edota Nafarroan oso larria den hizkuntza segregazioa gainditzeko inongo neurririk hartzeko aukera deuseztatuz. Are gehiago, ikasleen harrera dekretuan ezarritako baremo berriak euskaraz ikasteko hautua egiten duten familiei ez dizkie bermatuko gazteleraz ikasi nahi duten familien eskubide berberak. Kontraesankorra badirudi ere, D ereduko ikasleak are baztertuagoak suertatuko dira “inklusibitatearen” izenean. Hona hemen adibide pare bat:
* Piriniotako ikasleak 16 urterekin derrigortuta daude beraien herria uztera eta baita 80-90 km mugitzera ikasketekin jarraitu ahal izateko. Orain arte Iruñeko ikastetxe batean tokia bermatzen zitzaien baina hau bertan behera utzi du dekretu berriak, ikasleak plaza edukiko duten jakin gabe utzirik. Despopulazioarekin zigortutako eskualdeari ezarritako bigarren zigorra.
* Tafallaldean eta Zangozaldean DBH euskaraz ikasten duten ikasleek ezin dituzte beraien ikasketak Tafallan edo Zangozan jarraitu, A-G ereduko ikasleek bezala. Egunero Iruñerako autobusa ordaindu behar dute ozta-ozta Iturramako Ikastetxeko klaseetara heltzeko. Aurtengo baremo aldaketa dela eta, ez zaie bermatu tokia ikastetxe horretan eta, beste ikastetxeetan sakabanatzeko arriskuaz gain, ez dute izanen garraio aukera egokirik klasera garaiz heltzeko. Bazterketa bikoitza: Tafallan edo Zangozan euskaraz ezin ikasi eta Iruñean ikastetxerik egokiena ez dute bermatua izango.
Baina, ikasleen harrera dekretutik haratago, badira isilpean pasa nahi dituzten euskaraz ikasten duten ikasleen kontrako murrizketa gehiago:
* D ereduan ikasi nahi duten Beriaingo ikasleei garraioa jartzen zitzaien Hegoalde Ikastolara joateko. Datorren ikasturtean horietako ikasle batzuei garraioa kenduko die Departamentuak bere hitza janez eta Noaingo D-PAIra joatera derrigortuko ditu PAI programa inposatuz. PAItik atera nahi zuten Castejongo ikasleak Gimenok mila traba jarri eta derrigortu ditu Lehen Hezkuntza PAI programan bukatzera beraien gogoaren kontra. Aldiz, ez du erreparorik PAIn ez dauden ikasleak etapa erdian derrigorrez PAIn sartzeko.
* Castejonekin jarraituz, bertako D ereduko ikasleek entzumena eta mintzairako espezialista behar dute eta, momentuz, Hezkuntza Departamentuak ez die esleitu. Egoera hau A-G ereduan gertatzea pentsaezina da eta, borondaterik balego, erraz konpon liteke, entzumena eta mintzairako espezialista euskalduna jarriz.
* Batxilergoko D ereduko ikasleak derrigortuta daude astero lau ikas-saio gehiago egitera. Landa eremuko ikastetxeetan DBHko D ereduko ikasleei jantoki zerbitzua kendu eta batxilergokoekin batera garraio zerbitzua probesteagatik ikas-saio gehiago jartzen ari zaizkie bai ikasleei, baita irakasleei ere. Adibidez, datorren ikasturteari begira eta beraien iritzien kontra, Leitzan jantokia kenduko zaie DBHko ikasleei.
Panorama beltz honi gehitu behar zaio 0-3, Lanbide Heziketa edota unibertsitateko ikasketak gauzatu ahal izateko dauden aukera urriak, dauden ikasle euskaldunen portzentaiaren oso azpitik. Lanbide Heziketan eta 0-3an, gainera, txisteratik atera dute asmakizun berri bat –modalitate elebiduna, atzerriko hizkuntzarekin- euskararen egoera latza areagotzeaz gain langile, ikasle, familia eta, oro har, hezkuntzaren kalitatea, okerragotzera datorrena. Hainbat alderdik errealitate soziologikoa euskal hiztunen eskubideak murrizteko soilik erabiltzen dute. Aldiz, errealitatea eta eskaria horien aldekoak direnean, beti daude beste aitzakia batzuk euskaraz ikasteko eskubidea urratzeko.
Hau guztia ere segregazioa da eta egoera lazgarri sistemiko honi prebarikazioz eusten dioten erantzule politikoak daude.
Jatorrizko artikulua: HEMEN