EAE irakasleak: Mahai-negoziatzaileak deitu dira hezkuntza publikoan

549

Urriaren 4an irakasleok Akordio Arautzailea berritzeko lehen mahai-negoziatzailea izango dugu

Hezkuntza Sailak mahai-negoziatzaileak deitu ditu urriaren 4an, 5ean eta 6an hurrenez hurren irakasle funtzionarioen kolektiboan, sukalde eta garbiketan (lan-legepeko zerbitzuetako langileak) eta heziketa berezian (lan-legepeko irakasle eta hezitzaileak). Mahai-negoziatzaile hauetan landuko dugun puntua kasu guztietan berdina da: lan-baldintzak arautzen dituen Akordio Arautzailearen – irakasle funtzionarioen kasuan- edota Lan-Hitzarmenaren -kolektibo laboraletan- negoziazioarekin hastea.

EAEko hezkuntza publikoko langileok, “Publikoa, euskalduna eta propioa. Hezkuntza Legea langileokin eraiki” lemapean deituriko bi greba egunei esker, Hezkuntza Saila konpromisoak hartzera eta adostasunak lortzera behartu genuen afera laboralei dagokienez. Konpromiso horiek ekainaren 1eko akordio laboralean jaso ziren, eta orain, mahai sektorialetan garatu eta gauzatu behar dira.

Irakasle funtzionarioon Akordio Arautzaileari dagokionez, beraz, akordio laboralean jasota dauden neurriez gain (behin-behinekotasuna % 5era mugatzea, EPE prozesuak 3 urtero behin egitea eta hauen eredua negoziatzea edota jaiotze-tasaren jaitsiera egon arren etorkizuneko giza baliabideak bermatzea eta zeregin berrietarako baliatzea: hizkuntza-proiektuak, euskararen irakaskuntza indartzeko, hezkidetza proiektuak garatzeko edota aniztasunaren trataerarako, formazio eta laguntza-programa gehigarriak emanez) hurrengo puntuetan jarriko du LABek arreta:

  • Adinagatiko murrizketak zabaldu eta orokortzea 60 urtetik gorako langileentzat.
  • Plantillak gazteberritzeko plan berezitua negoziatzea.
  • Uztailaren izaera negoziatzea eta ez presentziala izatea.
  • Ordezkoen araudia eguneratzea, besteak beste, 165 egun baino gehiago lan egiten duten langileek ikasturte osoa puntuatu dezaten eta uztaila eta abuztuko ordainsari ekonomikoa.
  • Lizentzia eta baimenen eguneratzea, ordezko langileen egoerei ere erantzunez.
  • Hizkuntza-proiektuak garatzeko hizkuntza normalkuntzarako koordinatzaileak ezartzea.
  • Hezkidetzarako eta aniztasunaren trataerarako baliabide gehigarriak aitortzea.
  • Irakasleak euskalduntzean eta euskal kulturaren transmisioan trebatzeko baliabide gehigarriak jartzea.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi, ezinbesteko zaigula funtzio publikoko Mahai Orokorrekoak diren gaiak, -soldata-igoerak, aurre-erretirorako neurriak edota birjartze-tasa, besteak beste- langile publiko guztioi eragiten digutenak, HEMEN NEGOZIATZEKO Urriaren 25ean eta Abenduaren 19an greba egin eta kalera ateratzea!

PDF Embedder requires a url attribute