Haurreskolak Partzuergoa: Lan Hitzarmena lortzeko borroka abiatuko dugu!

590

Ikasturteari indartsu ekin genion LABetik irailean, erronka zahar eta berriei lanaz eta borrokaz heltzeko gogotsu. Bagenekien bidea ez zela xamurra izango. Hala ere, itxaropentsu begiratzen genion etorkizunari eta aurreko ikasturtean langile eta delegatuekin batera egindako lan guztiari txapela jarri nahi genion. Baina, neurri baten ere, aurrean genuena arduratzen gintuen. Alde batetik, Hezkuntza Sail eta gerente berriaren asmoak ez genituelako ezagutzen eta bestetik kudeaketako langileen kezka partekatzen genuelako. Izan ere, azken honi dagokionez, salatu nahi dugu gaur gaurkoz bukatu gabe dagoela kudeaketa alorreko salbuespenezko LEP prozesua batetik eta bestetik kolektiboaren lan kargak arintzeko ezinbestekoa den inbertsioa ez dela iristen.

LABek langileen lan baldintzak eta bizi kalitatea hobetzeko edukiak adosteko prestutasuna azaldu du une oro. Urriaren 15ean ikasturteko lehen mahai negoziatzailea izan genuen Lakuan. Lan Hitzarmen berria, hezitzaile ordezkoen araudia zein ordezkapen telematikoen aplikazioa eta kudeaketa alorrean egiten den inbertsioa handitzeko beharra jarri genituen mahai gainean, besteak beste.

Tamalez, Hezkuntza Sail berriarekin izan ditugun negoziazioek ez dute momentuz, nahi genituen emaitzak eman. LABetik administrazioak finkatutako epeen barruan Lan Hitzarmen zein hezitzaile ordezkoen araudi eta aplikazioaren gaineko ekarpen guztiak bidali bagenituen ere, oraindik ez dugu bueltan proposamenik jaso. Negoziazioa izoztuta dagoela baino ezin dugu esan.

Hasieratik gure ibilbide propioa egin dugu, LABen irakurketa eta aldarrikapenak haurreskolaz-haurreskolaz zabalduz eta langileen asanbladetan mahai gainean zeuden edukiak azalduz. Negoziazioetan etenaldia eman denean, gure irakaskuntzako beste kolektiboetako kideekin batera mobilizazioei ekiteko beharra ikusi genuen LABetik, baita ere langileekin batera eskualdeetan mobilizatzekoa.

Mobilizazioekin jarraitzea baino ez zaigu gelditzen. Gauzak horrela, urte hasieran, gainontzeko sindikatuekin batera greba ziklo bat jarriko dugu martxan honako hezkuntzako langile kolektibo hauetan: hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleak, Haurreskolak Partzuergoko langileak eta Hezkuntza saileko sukalde eta garbiketako langileak. Guztira 12 greba egun izango dira.

  • Haurreskolak Partzuergoko langileak: urtarrilak 28-29 eta otsailak 12-13.

Zazpi aldarrikapen orokor jasotzen dira greba ziklo honetarako: lan zamak arindu, gazteberritze planak garatu, erosahalmena berreskuratu, enplegua egonkortu eta bermatu, ordezkoen lan baldintzak hobetu, lizentziak eta baimenak hobetu eta lan-osasun, berdintasun eta euskara planak garatu. Kolektibo bakoitzaren errealitatera moldatu ditugu.

Bukatzeko, aipatu nahi dugu Hezkuntza Sailak Euskadiko Eskola Kontseiluan aurkeztu dituen BiziLab (inklusioa, bizikidetza eta aniztasunaren kudeaketa garatzeko zentroa) sortzeko dekretuari eta HeziLab (ikaskuntzarako berrikuntza zentroa) sortzeko dekretuari hainbat ekarpen egin dizkiela LABek, Haurreskolak Partzuergoa kontutan har dezan.

Ikusten duzuen bezala, 2025 urte hasiera mugitua datorkigu. Neguko jai egunetan atseden hartu. LAB Haurreskolak osatzen dugun kide guztion partez urte berri gorri ona opa dizuegu, borrokaz eta garaipenez betea!

INFO-6._Lan-Hitzarmena-lortzeko-borroka-abiatuko-dugu