LABen ustez izugarria da PAI Nafarroako hizkuntz eredu bihurtzea, diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea baita

282

Gaur goizean Nafarroako Parlamentuan izan den plenoan, Gobernuko lehendakaritza daukan PSNk,  Navarra Sumaren aldeko bozka bakarrarekin, PAIko (Atzerriko Hizkuntzetan Ikasteko Programak) bere lege-proposamena onestea lortu du, hau foru-legea bihurtuz, orain arteko irakaskuntzako funtziora sarbidea arautzen zuen legeriaren gainetik pasatuz eta sindikatuon eta Gobernuko zein oposizioko gainontzeko alderdien iritziari entzungor eginez, baita parlamentuko prozedura guztien denbora errekorra hautsiz. LABen ustez, PAI Nafarroan eredu linguistikoa bihurtzea izugarria da, eta lege berria diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea da.

PAIko lege honek atzerriko hizkuntzaren betekizuna duen foru-hezkuntzako funtzionario kidego berri bat sortuko du, egun arte ezinezkoa zena Estatuko araudiarekin, irakasle funtzionarioen lanpostuak hautatu eta betetzeko 276/2007 Errege Dekretuarekin eta 270/2022 Errege Dekretuarekin, hain zuzen.

Arau hauen arabera, irakasle funtzionarioak Estatukoak dira. Foru-lege hau onartzearekin batera, PSNk Nafarroako Administrazio Publikoaren menpeko irakasle-kidego bat sortuko du, atzerriko hizkuntzetan C1 eskatuz, eta horrek berekin ekarriko du bi irakasle-funtzionario mota desberdin egotea, lan-eskubide desberdinekin, funtzio berberak bete arren. Faktore hori eta beste batzuk direla eta, foru lege hau arau diskriminatzailea eta segurtasun juridikorik gabea da, eta horrek izugarri kezkatzen du LAB. Euskara meritu gisa Nafarroa osoan baloratzearen kontra azaltzen diren PSN eta Navarra Sumak oraingoan ingelesa hizkuntza ofizialen gainetik jarri eta betikotuko dute.

276/2007 Errege Dekretuak, irakaskuntza-plazak lortzeko, gaztelaniaren eta autonomia-erkidegoetako hizkuntza koofizialen ezagutza ezartzen du eskakizun gisa, baina ez atzerriko hizkuntzena; zuzeneko konfrontazioan, foru lege berri honek atzerriko hizkuntzen titulazioa eskatuko du (ingelesa, frantsesa eta alemana) Nafarroako hizkuntza ofizialen gainetik, eta atzerriko hizkuntzetan C1 duten irakasleek funtzionarizatzeko aukera izango dute. Gure hizkuntza propioen profila bai baina atzerriko hizkuntzetakoa ez duten irakasle askok, beraz, ez dute aukerarik izanen plaza horietara hautatzeko, nahiz eta haien esperientzia handiagoa izan. Hortaz, diskriminatuko ditu irakasle hauek.

PSNk hau guztia egin du, gainera, Navarra Sumari men eginez, programok eredu bihurtzeko pausoak emanen direlako trukean. Hots, D, G eta A ereduen pare jarriko dituzte hemendik aurrera, bertako hizkuntza den euskarari ostikadak eman bitartean -gogorarazten dugu euskara meritu gisa baloratzeari uko egin diola PSNk behin baino gehiagotan- ingelesa, frantsesa edo alemanari Nafarroa osoan, zonifikaziorik gabe, alfonbra gorria zabaltzen dion bitartean, “errealitate soziolinguistikorik” kontuan hartu gabe. Horrekin, PSNk berriro erakutsi du eskuinak bultzatzen dituen politikak egonkortzeko edozein zirrikitu edo trikimailu aurkitu edo sortzeko gai direla. Jakina, burutazio horiek ez dira posible langileen lan- eta bizi-baldintzak duintzeko eskatzen zaionean, edo, hizkuntzez ari garenez, euskal hiztunen eskubideak errespetatzeko eskatzen zaionean. Argi dago antzinako Erregimenaren bi zutabek eskuz esku dihardutela berriro. 

Hala, PAIn ikasi nahi duten denentzat erraztasunak jartzen saiatuko omen dira: garraioa, jantokia, etabar. Zer gertatuko da, ordea, PAIn ikasi nahi ez dutenekin, eta beren herrietan bakarrik PAI aukera dutenekin -Beriainen gertatzen den bezala-? PAI gabeko irakaskuntzarik eskainiko al zaie baldintza beretan?

LABen irakasle guztiak egonkortzearen alde gaude, baina diskriminaturik izan gabe eta ziurgabetasun juridikoa ekidituz, lege honekin bermatuta ez dagoena. Zer gertatuko da lege honen bitartez plaza eskuratzen duten pertsonekin? Beldur gara labirinto juridiko amaiezin batean eroriko ote diren, non helegite ezberdinek behin eta berriro zalantzan jar dezaketen haien lanpostua. Horrez gain, nahi izanda ere, irakasle hauek ezingo dute gainontzeko irakasle funtzionarioek beste plaza batzuetara mugitzeko dituzten eskubide berberak izan…

Halaber, eleaniztasunaren aldeko apustua egiten dugu LABen, baina atzerriko hizkuntzak era orekatu eta koherentean landu behar dira, gainontzeko konpetentzien eskurapena eta bertako hizkuntzen menperatzea galarazi gabe, egun programa hauekin gertatzen ez dena.

Honengatik guztiagatik, LABen ezin gara ados egon PAI, PAF eta PALE bezalako programekin, ezta hauek bermatuko dituen zalantzazko legezkotasuneko foru-arau honekin, eta haien aurka mobilizatzen jarraituko dugu.

Jatorrizko albistea: HEMEN