LABek salatzen du ikasturte hasiera kaotikoa izaten ari dela EAEko Heziketa Berezian

416

2022/23 ikasturtea hasi zenetik 15 egun pasa direnean, EAEko Hezkuntza Sailak Heziketa Berezian oraindik hutsik dauden hezitzaileen lanpostuen banaketa eta ordezkapenak nola kudeatzen ari den salatzen du LABek. Akats larriak egiten ari dira, ordezkoen araudian eta Ordezkagunea martxan jartzeko akordioan jasotakoak urratzen ari baitira etengabe:

  • Lanpostu hutsen (bakanteen) eta ordezkapenen eskaintza ez da behar bezala egiten ari. Eskaintza egiterako orduan ez da hezitzaileen kolektiboan Ordezkagunea indarrean jartzeko akordioan jaso zena errespetatzen. Langile askori ez zaie lanpostu hutsak eskaintzeko mezurik iristen, eta ondorioz kontratu hobekuntzak lortzeko aukerak galtzen dute.
  • Lanpostu asko daude hutsik ikasturtea hasi zenetik eta aldi berean langile bat baino gehiago lanpostu edota ordezkapen berdinak betetzera bidaltzen ari dira.
  • Langileek ez dute arreta zerbitzu eraginkorrik.

LAB sindikatuak hamaika erreklamazio egin baditu ere, gaur gaurkoz erantzun gabe daude. Egoera honen aurrean, premiazko eskaera egin dugu mahai parekidea biltzeko. Eskoletan dagoen egoera eta langileei ematen ari zaien tratua jasangaitza dela irizten diogu, baita hezkuntza zerbitzuaren kalitatean negatiboki eragiten duela ere. Beraz, Hezkuntza Sailari exijitzen diogu kaos egoera hau lehen bait lehen konpontzeko.