LABek salatzen du Hezkuntza Sailak bertan behera utzi dituela martxan zeuden negoziazio mahaiak eta ez duela Akordio Laborala bete

653

Orain urtebteko ekainaren 1an LABek Akordio Laborala sinatu zuen INTERINOK sindikatuarekin eta Hezkuntza Sailarekin, bi aldeek akordioan jasotako edukiak mahai negoziatzaileetan depositatu eta garatu behar zirelarik.

Bada, hezkuntza publikoko kolektibo prekarizatu eta feminizatuetan Hezkuntza Saila luzamenduetan ibili da eta legegintzaldia bere konpromisoak bete gabe amaituko du. Batetik, aste honetarako deituko omen zituen Heziketa Bereziko eta Haurreskoletako mahai-negoziatzaileak atzeratzea erabaki du, eta bestetik, Sukalde eta Garbiketan lan-hitzarmen berria negoziatzeko zirriborroa aurkezteko konpromisoa ez du bete.

Haurreskolak Partzuergoaren kasuan, urtarriletik maiatza bitarte negoziatzen ibili ondoren, maiatzaren 8an burutu zen azken negoziazio mahaia. Bertan, aurkeztu zen azken zirriborro proposamenari sindikatuok gure iritzia helarazi eta azken ekarpenak egiteko data finkatu zen. Maiatzaren 22an bidali genizkion sindikatuok erantzunak gerenteari eta geroztik ez dugu erantzunik jaso. Ordutik ia 4 aste daramagu Hezkuntza Sailaren erantzunaren zain eta prozesua aste honetan bukatzeko mahai-negoziatzailea deitzeko eta sindikatuokin azken ekarpenak adosteko konpromisoa hartu zuen Hezkuntza Sailak.

Heziketa Bereziko eta Sukalde eta Garbiketako negoziazioak berriz, irailean hasi ziren eta geldialdi ezberdinak izan ditu; besteak beste, estabilizazio prozesuak tarteko. Hala ere, LABen iritziz bereziki irakasle funtzionarioen negoziazioek baldintzatu dute bi kolektibo hauetan aurrera ez egiteak eta ez zaie denbora berdina dedikatu, gainera, irakasle funtzionarioen kolektiboan sailak ez du borondate nahikorik izan mahai gainean eduki gehiago jarri eta sindikatuokin adostasunez lan-akordioa berritzeko. LABetik askotan adierazi diogu Sailari langile kolektibo ezberdinetan batera egin beharreko negoziazioak zirela, edo bestela, kolektibo hauen lan-hitzarmen proposamenak lehenago izan behar genituela.

Izan ere, lan-baldintza prekarioagoak dituzten langileak dira eta hezitzaile aitortzarik gabeak, ahaztuak. Sukalde eta garbiketaren kasuan, gainera, ikusezin bihurtuak eta are prekarizatuaagoak. Heziketa Berezian ekainaren 13an izan genuen azken negoziazio mahaia eta bertan azkenik lan-hitzarmen berriaren zirriborroa aurkeztu zitzaigun, besteak beste, Hezkuntza Sailak LABekin akordio laboralean adosturikoa bertan txertatu delarik. Sindikatuok aste honetarako ekarpenak egin, adostasunak landu eta Hezkuntza Sail honek legegintzaldia bukatu aurretik mahaia deitzeko konpromisoa zuen. Alta, kasu honetan ere, Haurreskoletan bezalaxe, interes propioei erantzunez mahai-negoziatzailea ez deitzea erabaki du.

Bestetik, Sukalde eta Garbiketan irailetik maiatzera izan ditugun negoziazioetan akordio partzial bat lortu dugu -lanpostuak estrukturalizatzeko prozesua jasotzen duena eta 60 urtetik gorako langileei osasunagatik lanaldiaren herena murrizteko neurria duena-, baina lan-hitzarmen berrirako proposamen integralik ez zaigu oraingoz aurkeztu mahaian. Hezkuntza Sailak konpromisoa hartua zuen aste honetan mahai-negoziatzailea deitu eta zirriborro osoa aurkeztuko zitzaigula, sindikatuok ekarpenak egin eta gainerako eremuetan bezala adostasunak lantzeko egutegia itxiz. Prozesu hau ere atzeratzea erabaki du sailak.

Hezkuntza Sailaren erabaki hauek akordio laboralaren kontrakoak dira. Hortaz, LAB sindikatuak mobilizatzeko erabakia hartu du, gaurko ekimenarekin batera beste mobilizazio batzuk burutuko ditugularik.

Bukatzeko, osatuko den Gobernu berriari eta Hezkuntza Sail berriari zehazki, dei egiten diogu, Akordio Laboralean jasotako eta negoziazio mahaietan landu eta aurreratu diren edukietan sakontzen jarraitu eta eremu bakoitzeko hitzarmenen negoziazioaren alde egin dezan.

Euskal Herrian, 2024ko ekainaren 18an