LABek salatzen du Hezkuntza Sailak akordioak osotasunean bete gabe jarraitzen duela eta metodologia lausoa duen segregazio mahaia jarri duela abian

405

LABek 63 plaza gehiago lortu ditu gaur haurreskoletan eta 15 sukaldean eta garbiketan, sinatu zituen akordioen alde borrokatzearen eta judizialki salatzearen ondorioz.

Gaur, Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, Imanol Pradales lehendakariarekin batera, ikasturteari hasiera eman dio Etxebarri BHI institutuan. LABek, bertan, Pedrosari gogorarazi dio ez zuela iazko ikasturtea aprobetxatu hitzarmen berrietatik datozen baliabideak planifikatzeko, ezta negoziatzeke geratu ziren gaiak adosteko ere.

LABek, 15 urte baino gehiago pasa ondoren, eremu publikoan diharduten lau kolektiboen hitzarmenak berritzea lortu zuen pasa den ikasturtean, eta 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetu. LAB, lehen indarra izaki, erabakigarria izan zela gogorarazi du sindikatuak. Izan ere, 2023ko ekainean sinatutako akordio laboralean adostutako neurriak eremu desberdinetako negoziazio mahaietara eraman zirela gogoratu du, eta pasa den ikasturtean bultzatu zituen mobilizazioen eta greben bitartez lortu zituela heziketa bereziko hezitzaileen, Haurreskolak Partzuergoko langileen, sukalde eta garbiketa zerbitzuetako langileen eta irakasleen lan hitzarmen kolektiboak.

Hezkuntza kalitatean eragin zuzena duen hezkuntzako langile ororen lan baldintzak hobetzea eta baliabideez hornitzea izan dira sinatutako akordioen muina, eskola publikoa ardatz.

Hala ere, Hezkuntza Sailak sinatutako akordioak bere osotasunean bete behar dituela adierazi nahi du LABek. Izan ere, baliabide pertsonalen gaia garatzeke eta adosteke dago Haurreskolak Partzuergoan eta heziketa bereziko hezitzaileen kolektiboetan.

Gainera, sortu beharreko lanpostu berrien kalkulua oraindik ez da egin: sukalde eta garbiketan ratioak, metrajeak eta lanaldia jaitsi ondorengoak, eta haurreskoletan hezitzaileen lanaldia eta ratioak zehaztu ondoren sortu beharrekoak.

Sukalde eta garbiketan (2023ko azaroan) eta Haurreskoletan (2024ko apirilean) sinatutako akordioetatik lanpostuak sortzera behartu du LABek Hezkuntza Saila gaurko kontziliazio saioetan. Ondorioz, 15 lanpostu berri sortuko dira sukalde eta garbiketan irailean. Haurreskoletan, beranduenez urrian, 63 lanpostu berri . Akordio hauek ez betetzeagatik LABek bide judiziala hasita zuen.

Bestalde, irakasleen kolektiboan plantillak esleitzeko irizpideak adostu ziren. Akordioa sinatu izanari esker, irakasle gehiago arituko badira ere, ez dira sortu beharreko lanpostu guztiak sortu, Hezkuntza Sailak alde bakarrez erabakitako irizpideak ezartzearen ondorioz.

Izan ere, etapa guztietan irakasle bakoitzari murriztu zaion zuzeneko eskola-orduaren ondorioz sortu beharreko lanpostuak ez dira sortu. Era berean, Bigarren Hezkuntzan ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programan (Hedatze) erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehienezko 17 ordu lektiboen barnean jaso.

Halaber, ikasturte hasierako egin diren langileen esleipen prozesuak kaotikoak izan direla gogorarazi du LABek. Urtero-urtero milaka langile akatsez betetako prozesuen, arazo informatikoen eta konpontzen ez diren gabezien menpe egoten dira. Gai hau ere Hezkuntza Sailak konpondu beharrekoa dela uste du LABek.

Aurrekoaz gainera, ikasturte hasiera probestu du sailak segregazioaren kontrako itunaren mahaia martxan jartzeko. Bertan mahaiaren nondik norakoak azaldu badira ere, metodologia lauso eta zehaztu gabea aurkeztu dute, LABen aburuz gobernuak Osasun Mahaian erabilitako berdina; hau da, nahieran euren interesen arabera aldatzen doana. Hori horrela, LABek zehaztasunak eskatu ditu eta erabakiak nork eta nola hartuko diren galdetu; izan ere, segregazioari aurre egitea ez da borondateen kontua, erabaki politikoena baizik. Edukiei dagokienez hainbat dekretu eta normatiba aldatu behar direla adierazi du LABek eta eskola publikoa indartzeko neurriak ere eskatu ditu.

Beraz, ikasturte hasiera honetan bi eskakizun egiten dizkio LABek Hezkuntza Sailburuari. Batetik, adostutakoa betetzeko eta negoziatzeke dituen gaiei heltzeko. Eta, bestetik, segregazioaren kontrako neurriak hartzerakoan horiek langileon ordezkariokin adosteko. Era berean, LABek uste du borrokari esker lortutako akordioak izan zirela lortutakoak, eta horri esker lortu direla hezkuntza kalitatea hobetuko duten neurriak. Hala ere, sindikatuak borrokan jarraituko du, hitzarmen hauetan jasotakoa betearazteko eta garatzeko eta segregazioari aurre egiteko egiturazko neurriak lortzeko.

Azken urteetan lortutako akordioei esker, hezkuntza publikoa indartu eta Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean urrats sendoak eman dira, eta bide horretan lanean jarraituko du LABek.

2025-09-08_LAB_Hezkuntza_EU-1