LABek Ikastoletako mahaian lan-hitzarmen berria erdiesteko aurre-akordioa sinatu du eta Gizarte Ekimeneko mahaira eduki antzekoak ekarri behar direla eskatzen du

772

EHI eta EIB patronalek Ikastoletako mahai-negoziatzailera LABek ekainaren 1ean sinaturiko akordioaren edukiak ekarri dituzte, eta, horrez gain, mahaia desblokeatzeko erosahalmena bermatzen duen proposamena, enplegua mantentzeko edukiak, lan zamei loturiko neurriak zein lizentzia eta baimen gehigarriak. Eremu batean posible dena Gizarte ekimenean posible bihurtu behar dugula uste du LABek, eta, horregatik, mobilizazioekin jarraituko du.

LABek gogora ekarri nahi du ekainaren 1ean Hezkuntza Sailarekin sinaturiko akordioak itunduriko eremuan langile guztien ekiparazioa eta lan-baldintzen homologazioa gauzatzeko neurriak adostea jasotzen zuela. Bada, Ikastoletako kategoria guztietako langileek 2027an langile publikoak jasoko dituzten soldatekin ekiparatzea adostu da. Gainera, 2024an langileon eros ahalmena bermatzen duen igoera jaso da, 2024rako langile guzti-guztiek %15,3ko soldata igoera bat jasoko dutelarik. Ekiparazioa langileen garaipen handia da eta urteroko igoerak gehituz 2027rako %18-20ko soldata-igoerak ekarriko ditu langile kategoria guztietan.

Lan-hitzarmenaren indarraldia 2022-2024 bitartekoa izango dela adostu da, lansarien atalean ekiparazioa 2027 urte arte jasoz. Halaber, azpimarratzekoa da 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urteko hezitzaileen soldatekin parekatzea jaso dela 2024ko urtarriletik aurrera.

Bestetik, jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzeko prozedura jasotzen du akordioak. Akordioaren ondorioz, ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zaman arintzeko figura berriak. Eta horrekin batera, 60 urtetik gorako langileen gazte berritze planak gauzatzeko neurri zehatzen azterketa ere.

Bukatzeko, lan-zamak arintzeko neurriak adostu dira Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat zein hezkuntza laguntza espezialistentzat eta zerbitzuetako zein jarduera osagarrietako langileentzat norberarentzako egun gehigarriak jaso dira.

Gizarte Ekimeneko mahaian aldiz, ikastoletako mahaian lortu bezala esfortzu gehigarri bat eskatzen diegu Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalei, ekiparazioaz gain 2024rako eros-ahalmena bermatzeko eta lan-zamak jaisteko neurri gehigarriak ekartzeko. LABek negoziazioetan aurrera egiteko mahaian eskatu du %15etik gorako igoera jasotzea beharrezkoa dela. Horrekin batera 0-2 urteko hezitzaileen soldata 2 urtekoekin parekatzea jaso behar da.

Bestetik, lan zamak jaisteari begira esfortzu gehigarri bat eta neurri bana eskatzen diegu. Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu osagarri batzuk gehiago norberaren lanetarako izan behar dira, DBHn ikastoletako lan-hitzarmenean daukaten ordu-lektibo kopurua ekarri beharko lukete mahaira eta Lanbide Heziketan bikoizketak arautzeko prozedura zein konpentsazio ordu gehigarriak behar dira.Halaber, enpleguari eusteko neurriez gain birkokapen prozesua era gardenean jasotzeko bermedun prozedura lan-hitzarmenean jaso behar dela ezinbestekoa dela adierazi diegu eta bestelako prozedura bat adostu eta arautu behar dela.

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileen gatazka desblokeatu eta mahaira eduki gehiago ekartzeko LABek intersindikalean deituriko mobilizazio eta grebei eusten diela adierazi nahi du.


Euskal Herrian, 2024ko urtarrilaren 16an

PDF Embedder requires a url attribute