LABek Hezkuntza Legea hobetzeko proposamenak egin ditu Gasteizko parlamentuan

634

Sare publiko bakarrerako trantsiziorako neurriak eskatu ditu Hezkuntza Legean, baita Euskal Herriaren aitortza egitea, euskara ardatz izatea eta ikasleen gaitasunak bermatzeko beharrezko neurriak hartzea ere.

EAEn hezkuntza lege berri bat egiteko prozesua martxan jarri zenean, LABek prozesuan eta legean eragin eta hezkuntza eraldatzeko aukera hori baliatzeko apustua egin zuen, jakinda borroka eta presio biderik gabe ezinezkoa izango zela Euskal Eskola Publiko Komunitariorako bidea egitea. Hau da, presiorik gabe nekez lor genezake sare publiko bakar, deszentralizatu eta burujabean antolaturiko hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketa horiek aurrera ateratzea.

Zentzu horretan, mobilizazioak eta grebak egin ditu LABek, eta bide horretan eragiten ari da. Izan ere, hezkuntzako langileentzat lan-baldintzak hobetzea lortu du. Hala ere, behin-betiko hezkuntza lege-aurreproiektua aztertuta, oraindik badira zuzendu edo hobetu beharreko gaiak. Hori dela eta, LABek hurrengo gaiei loturiko emendakinak aurkeztu ditu:

Euskal Herriaren aitortza, lurralde egituraketa eta Euskal Curriculumaz

  • Hezkuntza lege-proiektu berriaren zioetan Euskal Herriak bere hezkuntza-sistema burujabe eta propioa eratzeko duen eskubidea jaso behar da, egungo hezkuntza-sistemak dituen gabeziak (eskuduntzei dagokienak eta ereduari dagozkionak) onartuz eta horiek gainditzeko xedez. Era berean, legeak Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin izango duen harremana egituratu behar du.
  • Lege-proiektuak jaso beharko luke, epe motzean, Jaurlaritzak, bere eskumen guztiak baliatuta eta adituekin eta eragileekin elkarlanean, Euskal Curriculuma hobetzeko eta osatzeko prozesua garatuko duela, Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat hartuta eta berau hezkuntza-sistemaren egiturazko bide-lerroa izanik. Epe ertainean, berriz, LABek uste du Hezkuntza Sailak irauteko bokazioa duen Euskal Curriculuma sortzeko prozesu parte hartzailea abian jarri behar duela, eta hori hezkuntzako aditu eta eragileekin batera egin behar dela.
    • Euskal Hezkuntza Zerbitzuari dagokionez, LABek ez du partekatzen Euskal Hezkuntza Zerbitzuari “publiko” abizena jarri izana; beraz, hori kentzea planteatzen du. Publikoa titularitate publikoa duena da. Egungo sistema duala betikotu eta mantentzeko asmoa egon liteke horren atzean. Bestetik, LABen ustez, funts publikoak jasotzeko legeak jasotzen dituen oinarrizko printzipio horiek, printzipio izan ordez, betebehar izan behar dira. Eta funts publikoak jasotzeko betekizunak betetzen ez dituzten ikastetxeei ofizioz arau-hausteen ondoriozko zigorrak ezarri behar zaizkie, itunak galtzeko aukera barne.
    • Euskal Hezkuntza Zerbitzuak sare publiko, bakar eta deszentralizatu baterako trantsizioa ahalbidetu ahal izateko, LABek titulartasun partekatuko ikastetxeak legean arautzea eskatu du titulartasun publikorako bide gisa. Izan ere, LABek uste du izaera edo bokazio publikoko ikastolak eta ikastetxeak badaudela, zerbitzu publikoa eskaintzen duten arren, oraingoz sare publikoan ez daudenak. Eta horietaz gain, oraindik orain irabazi asmoa duten edota doktrinamendu erlijiosoa hezkuntza-proiektuan txertaturik duten ikastetxe itunduak.
    • Titulartasun partekatuko ikastetxea: sare publikoan sartzen ez diren itunpeko ikastetxeetan udala edo mankomunitatea ikastetxeen jabetzaren parte izateko modua litzateke. Horrela, finantziazio publikoa jasotzen duten ikastetxeetan esku hartze publikoa legoke, udala edo mankomunitatea jabetzaren parte izanik eta kontrol publikoaren bermatzaile.
    • Itunpeko ikastetxe pribatuei dagokienez, LABek hurrengoa eskatu du: “Titulartasun pribatuko ikastetxe berririk ez da itunduko eragin eremu horretan plaza publiko nahikoa badago, eta lehentasunez, titulartasun publikoko ikastetxeen bidez hedatuko da hezkuntza eskaintza.”

    Hizkuntza ereduak gainditu eta euskaren ikasteredu orokortua ezartzeko planifikazioaz

    • Hizkuntzen atalean, hizkuntza ereduak gainditu eta euskararen murgiltze eta mantentze sisteman oinarrituriko ikasteredu orokortua ezartzeko planifikazioa jaso behar du legeak.

    Laikotasunaz

    • 32. 5 artikuluan, laikotasuna bermatze aldera, hurrengo esapidea kentzea ezinbestekotzat du LABek: “ikastetxeek bere izaera propioari uko egin gabe”. LABen aburuz, ikastetxeen izaera, bai ala bai, laikoa izan behar da funts publikoak tartean badaude.

    Udal hezkuntza-kontseiluez

    • LABek uste du legez jaso behar dela ikastetxe bat baino gehiago dagoen EAEko udalerrietan berariaz udal hezkuntza-kontseiluak eratuko direla. Bestetik, udal hezkuntza-kontseiluak Hezkuntza Sailaren eta udalen arteko kogobernantzaren adierazle gorenak izanik, hurrengo funtzio lotesleak izan beharko lituzkete legez:
      • Udalerri horretako eskolaratze eta planifikazio bateratua antolatzea, udaleko eta Hezkuntza Saileko teknikariekin batera, titulartasun ezberdineko ikastetxeek osatuko luketena. Ikaspostuen planifikazioa Hezkuntza Sailari dagokio -bere ardura da-; alta, tokiko hezkuntza antolaketaren planifikazioa eta horri loturiko eragin eremuen definizioa hezkuntza kontseiluetan egingo da udalekin kogobernantzan, hezkuntza eremuak tokian toki definituz. Eskolaratze eta planifikazioaren berme batzordeen funtzioa izango dute.
      • Udalerriko matrikulazio guztiaren planifikazioa, udaleko matrikulazio bulego bakar eta bateratutik bideratuz.
      • Udalerrian dauden ikastetxeetan egiten diren jarduera osagarrietarako, eskolaz kanpokoetarako eta zerbitzuetarako irizpide eta baliabide berdinak dituztela bermatzea, horiek segregaziorako iturri bilakatu ez daitezen.

    Lan-baldintzei buruzko Aholku Batzordea kentzeaz

    • Aholku Batzorde izenez deituriko organo aholku-emaile hori kentzea. Izan ere, itunpeko ikastetxeetako ordezkariak ez dira nor langile publikoen inguruko lan-baldintzez aritzeko eta legean jaso den xedapen gehigarri horrek langileon ordezkarion gehiengoaren kontrakotasuna du.

    Hezkuntza Legean eragiten jarraituko du LABek, aurkeztu dituen proposamenekin legea hobetzeko, eta, horretarako aukerarik ez bada, mobilizazioetarako joko du.