LABek Haurreskolak Partzuergo Publikoko plazen eskaintza handitzea lortu du

47

LAB sindikatuak Haurreskolak Partzuergoan haurren plazen eskaintza handitzeko hainbat udaletan sartu dituen mozioen inguruko balorazio oso ona egiten du.

LAB sindikatua EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzetan Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioak erregistratzen hasi zen 2023ko azaroan eta unibertsaltasuna helburu horretan dihardu.

0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan 2023-2024 ikasturtetik doakotasuna ezartzea lortu zuen LABek, aurreko urteetan eragileekin eta familiekin egindako lana eta hainbat greba eta mobilizazio egin ostean.

Doakotasunak hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan. Gainera, Haurreskolak Partzuergoan matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero, ondorioz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa. Jaiotzatik haurrek izan behar duten aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB Sindikatuak EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin du azkenengo urteetan. Partzuergoko hainbat haurreskoletan urrirako ez dagoela plaza librerik detektatu du eta ondorioz, ikasturtean zehar zentro horietan ezin izango dutela familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita familia ugari kanpoan gelditzeko arriskua dagoela detektatu du sindikatuak.

Izan ere, Eustatek egunotan argitaratutakoaren arabera, 2023/24 ikasturtean 0 eta urte 1eko matrikulak izugarri igo dira ikastetxe publikoetan 0 eta urte 1eko geletako izen-emateak % 13 igo ziren. Haur-eskola publikoen doakotasuna indarrean jartzeak eskaera nabarmen handitzea eragin zuen. Zehazki, ikastetxe publikoetako 0 urteko haurren matrikulak % 57 igo ziren aurreko ikasturtearen aldean, 1.111tik 1.746ra. Urte 1eko ikasgeletan % 20 inguruko hazkundea izan zen.”

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hainbat hiri eta herritako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditu LAB sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzea eskatuz.

Azkeneko egunetan jakin izan dugu gure mozioa oinarri hartuta, Portugaleteko udalak plaza publiko gehiago eskaintzeko asmoz udal haur-eskola Partzuergoan integratzea eta plazak handitzea onartu duela eta Derioko udalak egoera aztertzeko eta behar besteko plazak eskaintzeko konpromezua hartu duela.

Aurretik, Santurtziko udalbatzak LABen mozioa oinarri hartuta aho batez plazak handitzea onartu zuen eta haurreskola berri bat eraikitzeko obrak egiten hasi dira.

Donostiako udalak ez zuen mozioa onartu PSE eta EAJren kontrako bozkekin, baina Loiola, Gros eta Intxaurrondo auzoetan haurreskola berriak zabalduko dituela esan du.

Bilboko udalak 2025eko ikasturtean egun dauden plazei, 117 plaza berri gehitzea erabaki zuen, azkenik 195 izango direla argitaratu du.

Zallako udalak plaza kopurua zelan handitu aztertuko zuela esan zuen.

LABen mozioa onartuta Laudiok, Lasarte Oriak eta Irunek Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen haurren plaza kopuruaren eskaintza handitzea erabaki zuten.

Bastidako udalak, plazen eskaintza handitzea helburu izanik, haurreskola berri bat egiteko aukerak aztertzeko lantaldea osatzeko konpromezua hartu zuen eta Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskaera egingo ziola haurreskola berria martxan jarri ahal izateko.

Getxoko udalbatzan, LABetik Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioaren kontra bozkatu zuten EAJk eta PSEk aurrekontuetan horretarako diru-saila gordeko dutela argudiatuz.

Sondikako udalbatzak ordea, atzera bota zuen LABetik aurkeztutako mozioa, EAJ-k mozioaren aurka bozkatu zuelako. Horren ondorioz, udalak momentuz ez du herriko Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko asmorik, ezta beharren inguruan azterketarik egiteko asmorik ere.

Bestalde, otsailean LABek alde bakarrez sinatu duen Haurreskolak Partzuergoko lan hitzarmenean jasotzen den bezala, udal batek bere titulartasuneko udal haur eskola bat edo batzuk, Haurreskolak Partzuergoan integratzea eskatzen badu, langileak ere subrogatzeko urratsak emango dira. Norabide honetan eskaerak egotekotan prozesu hauek alde sozialarekin adostuak izango direlarik.

LABek Lehen haurtzaroko hezkuntza zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu borrokan jarraituko du. Haurreskolak Partzuergo publikoa ardatz, 0-3aren udal eskaintza bateratua lortzeko apustua egiten dugu. Sare publiko bakar deszentralizatuaren alde borrokan, euskal eskola publiko komunitarioa iruten jarraituz.

Euskal Herrian, 2025eko apirilaren 7an

2025-04-07-LAB_haurreskolak_EU