LABek haur eskoletako langileen lau demanda irabazi ditu, obra-kontratuak gehiegikeriaz erabiltzeagatik

410

LABeko zerbitzu juridikoek beste lau demanda irabazi dituzte berriki, kontratazioan abusuak egiteagatik. Kasu honetan, Nafarroako Haur Eskoletako lau langileri obra-kontratuak aplikatzen zitzaizkien, kontratu mugagabeak egin beharrean.

Aurkeztu ziren demandetatik hiru negoziazio-prozesuan irabazi ziren. Avanvida, Andacelay eta Kamira enpresek –Zizur Txikiko, Eguesko eta Mendigorriako haur-eskoletako enpresa kudeatzaileak, hurrenez hurren–, beren praxi txarraren jakitun izaki, zuzenean onartu zuten iruzurra egin izana, eta langileei dagokien kalte-ordaina ordaindu behar izan zieten.

Laugarren kasuan, kaleratze bidegabetzat jotzen da Andacelay enpresa publikoak kudeatzen duen Egueseko haur-eskoletako hezitzaile baten kargugabetzea. Langileak ez zituen onartu enpresa horrek negoziazioan eskaintzen zituen baldintzak; beraz, prozedurak bide judizialean jarraitu zuen, eta, azkenean, epaileak berari eman zion arrazoia auzitegietan.

LABeko zerbitzu juridikoek defendatzen dute obra-kontratuak ez direla inola ere baliozkoak ikasturtea betetzeko, jarduera arrunta baita. Hala ere, praktika txar hori ohikoa da feminizatutako zenbait sektoretan, esaterako berez prekarizatuta dagoen haur-eskolen sektorean, eta horrek egoera larriagotu besterik ez du egiten.

Ildo horretan, LAB Nafarroako 0-3 Haur Hezkuntzako zerbitzuaren esanetan, “ohikoa da kontratuak udan etetea, udako lansaria ordaindu beharrik ez izateko; ohikoa da matrikulazioaren arabera kontratua egitea edo ez… baina, berez, urtez urte egiten badira, kontratu mugagabeak dira”. Praxi hori, gainera, “modu orokorrean gertatzen da azpikontrata-eredu guztietan, bai enpresa pribatu, publiko edo kooperatiben bidez; hori salatu egin behar dugu eta salatu egin nahi dugu, langile horien kontratazioetan abusua amaitu arte”.

Jatorrizko informazioa: HEMEN.