Hirugarren bileran segregazioari aurre egiteko printzipio eta balioak landu baziren ere, Jaurlaritzak eragileok bertan landutakoak baztertu ditu eta Hezkuntza Legeak jasotzen dituen printzipioak aurkeztu ditu 2. fasearen ondoriotzat.
Segregazio Mahaiaren laugarren bilera burutuko da bihar Gasteizen. Bertan, Hezkuntza Sailak 2. fasea bukatutzat emango du eta 3. faseari ekingo dio, eskola-segregazioari aurre egiteko garatuko diren lan-lerroak eta proiektuak definitzearen faseari, alegia.
Azaroaren 12an gogorarazi eta salatu genuenez, Hezkuntza Sailak aldebakarrez onartu zuen segregazioaren diagnostikoaren dokumentua. Bada, oraingo honetan, printzipioen fasea ere aldebakarrez itxi du, Jaurlaritzak hezkuntza eragileoi Hezkuntza Legearen aldekotasuna inposatu nahi digularik. Kasu honetan, gainera, inolako lotsarik gabe azaroaren 12an mahaian parte hartu genuen eragileok segregazioari aurre egiteko printzipio eta balioen lanketari egin genizkion ekarpenak guztiz baztertu ditu eta Hezkuntza Legearen printzipioak aurkeztu ditu ondoriotzat.
Jaurlaritzaren helburu bakarra eragileak mahaian parte hartzen ari direla irudikatzea izan da. Izan ere, segregazioaren mahaiko bigarren bileran eragile askok metodologia kritikatu izanaren ondorioz, inprobisazioari helduz metodologia guztiz aldatu zuten, helburu bakar gisa parte hartzea zuen metodologia planteatuz azken bileran.
Alabaina, metodologia aldatu eta eragileok talde txikietan gure proposamenak azaldu eta eztabaidatu genituen arren, emaitza bestelakoa izan da, printzipio eta balioak aldebakarrez inposatzea. Badirudi edukiek ez zutela axola. Segregazioari aurre egiteko muinari heldu gabe, soilik PNV eta PSEk onartu zuten Hezkuntza Legea eragileoi saltzea izan da asmoa.
LABek publikoki aurkeztu zituen bere proposamenak, dekalogo batean jaso zituenak, eta mahaira eraman ditu, gaur gaurkoz, inolako eztabaidarik gabe eta maltzurki ezkutatu eta baztertu egin direnak.
Hortaz, Jaurlaritzaren aldebakartasuneko jokaera honen aurrean biharko bileran ez parte hartzea erabaki du LABek. Izan ere, seguruenik Hezkuntza Sailak bileraren emaitza gisa iragarriko baitu 2. fasea, printzipio eta balioena, itxi eta bukatu egin dela Hezkuntza Legeak jasotzen dituen printzipioetan fokua jarriz. Eta LABek ez du onartuko mahaian ekarpenak egiten egon eta hauek aldebakarrez baztertzeaz gainera, Jaurlaritzak maltzurki nahi duen errelatoa inposatzea.
Berriro ere Jaurlaritzari exijitzen diogu itxurakeriak uzteko eta langileon ordezkari guztiokin gaiari sakontasunean heltzeko, horretarako, segregazioari aurre egiteko printzipioak eta neurri zehatzak mahai negoziatzaileetan landuz.
2025-12-09_LAB_SegregazioMahaia_EU


