LABek ez du bat egin Segregazio Mahaian aurkeztutako behin-betiko diagnostikoarekin eta hala adierazi du mahaian zein kanpoan mobilizatuz

350

Proposamen argia jarri du LABek mahai gainean: hezkuntzan dauden mahai negoziatzaileetan ere segregazioari loturiko diagnostiko eta neurriak lantzea, bertan langileon ordezkarion gehiengoz adostuak eta onartuak izan daitezen.

Segregazio Mahaiaren bigarren bilera burutu da gaur Gasteizeko Salburua BHI ikastetxean. Bertan eskola-segregazioaren inguruko diagnostikoaren behin-betiko dokumentua aurkeztu da eragileok egin genituen ekarpenak Hezkuntza Sailak aztertu, eta egoki iruditu zaizkionak aintzat hartzea erabaki ondoren.

Diagnostikoak Hezkuntza Sailak orain arte hartu dituen neurri eskasak -Arartekoak Ordiziaren kasu konkretuan halaxe baieztatuak- balioan jartzen dituen arren, gaurko bileran Begoña Pedrosa Sailburuak berak onartu egin du ezarri diren neurriak ez direla nahikoak. LABetik adierazi dugu nahikoak ez izatearekin batera, kasu batzuetan eskola-segregazioa ahalbidetu eta sakondu egiten duten hezkuntza politikak bultzatu direla eta horren adibide dira orain bi aste ohiko matrikulaziotik kanpo Gasteizen Kristau Eskola jakin batzuetan zaurgarritasun egoeran dauden familiei eskaturiko kuotak.

Horregatik, LABek uste du eta ekarpenetan horrela adierazi du, diagnostikoan aintzat hartu ez diren elementu gehigarri batzuk jaso behar dituela:

• Eskola segregazioaren arrazoien artean sistemaren antolaketa dualaz ari denean, legez debekaturik dauden kuoten kobrantzaren errealitatea jaso behar da. Kuota horien auditoretza egiteaz gainera, Hezkuntza Sailak dituen datuak eragileokin partekatu behar ditu eta kuotak debekatzeko planifikazioa egin.

• Ikaspostuen gain-eskaintza egoeraren aurrean bestelako eskola planifikazio bat behar dela jaso behar da, era orokortuan D ereduko sare publikoa erdigunean jarriko duena eta modu deszentralizatuan tokian toki erabakiak hartzea ahalbidetuko duena. Diagnostikoak ez du esaten zenbat esku hartze egin diren tokiko administrazio eta Hezkuntza Sailaren artean.

• Sare publikoa sistemaren ardatza izateko, bere aldeko desoreka positiboa egin beharra jaso behar du diagnostikoak eta hori planifikatu behar dela. Era berean, LABek arbuiatu du itunpeko ikastetxeen artean patronalek ezin dutela gaur gaurkoz haien birdimentsionamendua helburu gisa ezarri (Kristau Eskolak ikasturte hasierako ekitaldian esan zuen bezalaxe).

• Hizkuntzagatik gertatzen den segregazioa jaso behar du diagnostikoak, izan ere, hezkuntza legeak jaso duen arren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean ikasleek euskaraz B2 maila eskuratu behar dutela, gaur gaurkoz eta hizkuntza ereduak mantentzen diren bitartean hori ez da horrela. Funts publikoak lortzeko betekizun izan behar badu ere, diagnostikoak ez du jaso zenbat ikasle ez diren iristen euskarazko B2 mailara.

Hori horrela, LABek argi adierazi du lehenik bilera baino lehen burutu duen mobilizazioan, eta ondoren mahaian bertan, eskola-segregazioari aurre egiteko bestelako hezkuntza politika batzuk behar direla. Gainera, eskola-segregazioari aurre egiteko printzipio gisa gizarte kohesioa kokatu du, hezkuntza politiketan eta hezkuntza sistemaren planifikazioan erabakigarria izan behar da familien ikastetxea erabakitzeko eskubidearen gainetik.

Diagnostikoaren edukiez gain, LABek berriro ere salatu egiten du adostasunak irudikatu nahi dituen beste mahai baten aurrean gaudela, Osasun Mahaiarekin bezala itxurakeriaz josia dagoena. Metodologia zehatza zein den ez da argitu nahi izan eta bilera zehazki zertarako zen ez da argitu, eragileok tarte labur batez hitz egiteko bai, gehiengoak eta adostasunak eraikitzeko, berriz, ez. Bileran zehar jakin dugu gaurkoan ez zela diagnostikoa bozkatuko eta aldiberean ezagutu dugu dokumentua itxi nahi zela. Hezkuntza Sailak horren inguruan hitz egin nahi ez duen arren, mahaian eragile asko izan gara metodologiaren inguruko kritika plazaratu dugunak.

Gauzak horrela, LABek diagnostikoarekin bat egiten ez duela argi utzi nahi du eta mahairen bere parte hartzearen inguruan hausnartuko duela adierazten du. Izan ere, mahaian proposamen zehatza egin du segregazioari loturiko diagnostiko zein neurriak hezkuntzako mahai negoziatzaileetan depositatu beharko liratekeela adieraziz, hezkuntza sistemako langileon ordezkaritzaren gehiengoekin adostu behar direla iritzita. Eta Hezkuntza Sailak ezezko borobila erantzun du, argi adieraziz segregazio mahaia dela horretarako foro bakarra. Araurik gabe, nahieran eta bere interesen arabera moldatzen duen foroa, alegia.

2025-10-20_LAB_Segregazioa_EU