LABek epaitegira joko du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba amaierako akordioan jasotzen den soldata igoera patronalek ordain dezaten

276

Greba amaierako akordioan indarrean dauden neurriak eta hurrengo ikasturtean martxan jarri behar direnak dagokien epeetan ez badituzte aplikatzen, bide juridiko eta ekintza sindikala bultzatuko du sindikatuak

Greben osteko mahai negoziatzaileak ez dira oso eraginkorrak izaten ari, Kristau Eskola eta AICE-IZEA patronalek duten jarrerengatik. Behin eta berriro edozein aitzakia baliatuta, ez dute adostatutakoa betetzen eta gainera, akordioa betetzeko epeak luzatzen saiatzen ari dira. LABen ustez, negoziazioetan jokabide hori ez da onargarria.

Maiatzaren bukaerako negoziazio mahaian, sindikatuekin adostasunera heldu gabe, patronalek aldebakarrez erabaki zuten adostutako lanaldi murrizketak ezartzea eta Lanbide Heziketako jardunaldi irregularraren konpentsazioa aplikatzea ikasturte honetan. Alta, ez zuten adostu nahi izan zein balditzetan aplikatu beharko ziren aipatutako murrizketak horiek. LAB sindikatuak eskatu zuen adostutako lanaldi murrizketak egunka disfrutatzea, ikasturtea bukatzearekin edo berau hastearekin batera.

Ordainsariei dagokienez, berriz, LABek mahai negoziatzaileetan behin eta berriz nominak eguneratzeko data bat izatea eskatu du. Aldiz, Patronalek ez dute zehaztu nominak noiz eguneratuko dituzten, Jaurlaritzaren finantzazioaren zain daudela argudiatuz. LAB sindikatua jakitun da gobernu berriaren osaerak baldintzatzen duela Jaurlaritzaren finantzazioa; alta, gobernu berria osatzearekin batera data finkatuta egon behar dela adierazten du eta otsailaren Sean lortutako greba bukaerako akordioa bete behar dela.

Argi geratu da greba amaierako soldata igoera finantzazio publikoari guztiz lotua dagoela eta ekiparazioa langileen borrokaren ondorioz lortu zitekeen neurria zela, beste sindikatuek hori ezkutatu eta baztertu zuten arren.

Aurreko guztia esanda, otsailaren 5eko akordioa betetzeko Patronalek duten ardura ezin da aide batera utzi. Hori dela eta, LAB sindikatuak epaitegira joko du greba amaierako akordioan jasotzen den soldata igoera ordain dezaten eta gatazka kolektibo bat aurkeztuko du EAEko Auzitegi Nagusian.

Hurrengo mahai negoziatzailea ekainaren 19an izango da. Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk hitzarmen osoaren idatzizko proposamena aurkeztu beharko dute, artikuluz-artikulu. Bilera horretarako, LABek espero du adostutako eduki guztiak jasota egotea, horren konpromisoa hartu baitzuten aurreko negoziazio batzarrean.

Hau gertatuko ez balitz, LABek bere ordezkari eta afiliatuekin egoeraren azterketa egingo du eta akordioa puntuz puntu betearazteko neurriak hartuko ditu, hala nola juridikoak eta ekintza sindikalekoak.

Euskal Herrian, 2024ko ekainaren 12n.