LABek borrokan jarraituko du Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileek 2027rako soldaten ekiparazioa izan dezaten

579

LABek baiezko kritikoa emango dio Gizarte Ekimeneko greba bukaerako akordioari honek ekainaren 1ean sinaturiko Akordio Laboralaren ondoriozkoak diren neurrietako gehienak dituelako, bereziki, enplegua mantentzearen ondoriozko figura berriak eta lan zamak arintzeko neurriak adostea.

Bere afiliatu eta ordezkariei galdetu ondoren, Gizarte Ekimeneko greba amaierako akordioari sinadura kritiko bat ematea erabaki du LABek, enpleguari eustearekin duen erantzukizunagatik. LABek ekainaren 1ean sinaturiko Akordio Laboralaren ondoriozko prozedura jaso du akordioak, jaiotze-tasaren jaitsieraren aurrean enplegua mantentzekoa, alegia. Honen ondorioz, ondorengo hilabeteetan negoziatu eta adostuko dira kategoria berriei dagozkien lanpostuak euskara eta hizkuntza gaitasuna indartzeko, behar bereziak dituzten ikasleei arreta hobetzeko, hezkuntza berrikuntzan sakontzeko, kudeaketa hobetzeko eta langileen lan zamak arintzeko. Eta horrekin batera, 60 urtetik gorako langileentzat neurrien zehatzen azterketa, plantillak gaztetzeko.

Hala ere, borrokan jarraituko du 2027rako soldaten ekiparazioa Gizarte Ekimeneko langileentzat ere eraginkorra izan dadin, ikastoletako langileekin egin zuen bezala. LABen ustez, langileen borrokaren ondoriozkoa zen garaipen nagusiari ezin diogu uko egin, beste sindikatu batzuek horrela egin duten arren. Ekiparazioak %18ko eta %20ko soldata igoerak ekarriko lituzke. Bide batez, LABek begi honez ikusten du Hezkuntza Sailak publikoki adierazi izana soldata igoera horiek 2027rako ekiparazioarekin lotuta daudela. Halaber, LABek kezkaz bizi du mahai-negoziatzailetik ekiparazioa baztertu izana eta 2024 urtea bukatuta langileak ezegonkortasun egoera batean egongo direla salatzen du. LABek ez du onartuko Gizarte Ekimeneko langileak gutxiago kobratzea edo baldintza kaskarragoak edukitzea.

Finantziazio publikoari guztiz loturiko soldata igoera eta enplegu mantentzeko neurriak adostu dira Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileentzat. Izan ere, hezkuntza lege berriaren testuinguruan itunpeko ikastetxeek hezkuntza zerbitzua dohain eskaini behar dute eta familiei ezingo zaie arrazoi horregatik kuotarik kobratu. LABek hau horrela dadila bermatzeko legeak ezartzen dituen auditoretza eta ikuskaritzen jarraipen zorrotza egingo du eta betetzen ez den kasuetan gogor salatuko du, ituna baldintzatzeraino.

Aurrekoaz gain, LABek azpimarratu nahi du Gizarte Ekimeneko akordioan dauden eduki gehienak LABek Ikastoletako akordioan jaso eta sinatu zituela aurreko urtarrilaren 16an. Bertan, enplegua eusteko neurriak adostu ziren, lan kargak arintzekoak, eminizaturiko eta prekarioen dauden langile kategorientzat hobekuntzak lortu eta eskola orduetan murrizketak adostu ere.
LAB pozik agertzen da Hezkuntza Sailarekin ekainaren 1ean sinaturiko akordio laborala, soldaten ekiparaziorako eta langileen lan baldintzen homologaziorako lortutako akordioa, oinarri izan delako ikastoletan eta Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan akordioak lortzeko.

Bukatzeko, LABek adierazten du Gizarte Ekimeneko langileen akordioa sinatu ostean, akordiotik sortu behar diren enplegua mantentzeko batzordeetan lanean arituko dela enplegu suntsiketa ekiditeko eta lanpostua galtzear egon daitezkeen langileen birkokapena bermatzeko. Izan ere, LABek sektoreak behar duen egonkortasunaren alde lan egiteko konpromisoa hartzen du Lan Hitzamenaren negoziazioetan.

Euskal Herrian, 2024ko otsailaren 12an

PDF Embedder requires a url attribute