LAB sindikatuak EAEko hainbat herri eta hiritako udalbatzetan Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzeko mozioak erregistratu ditu

257

0-3 urte bitarteko haurrei hezkuntza zerbitzua eskaintzen dien Haurreskolak Partzuergo Publikoan 2023-2024 ikasturtetik doakotasuna ezartzea lortu dugu, LABek azkeneko urteetan eragile eta familiekin egindako lana eta hainbat greba eta mobilizazio egin ostean. Neurri honek hasieratik eragin zuzena izan du familien eskaera kopuruan. Izan ere, 2023-2024 ikasturterako matrikulazioak izugarrizko gorakada izan zuen. Aurreko ikasturteetarako matrikulazioarekin alderatuta 1229 eskaera gehiago jaso ziren apirileko matrikulazio aldian, eskaeren %55ko igoera suposatzen duena. Haurreskolak Partzuergoan, matrikulazio epe berriak irekitzen dira hilabetero, beraz, ikasturtean zehar zentroen betetze maila igotzen doa.

Haurreskolak Partzuergo Publikoaren Zuzendaritza Batzordearen hitzetan “Lehen haurtzaroko hezkuntza eta zaintza kalitate handiko zerbitzu publikoa, unibertsala, eta doakoa izan dadin nahi da”.

Gauzak horrela eta zerbitzuaren unibertsaltasuna helburu, jaiotzatik haurrek duten aukera berdintasunean hezkuntza jasotzeko eskubidea berma dadin, LAB Sindikatuak EAEko Haurreskolak Partzuergoko zentroen betetze mailaren jarraipen etengabea egin du ikasturte hasieratik. Haurreskolak Partzuergoko hainbat haurreskoletan urrirako ez zegoela plaza librerik detektatu genuen, eta ondorioz, zentro horietan ezingo dutela familia gehiagok izena eman. Beste hainbat zentrotan, ordea, matrikulazioaren bilakaera ikusita familia ugari kanpoan gelditzeko aukera dagoela detektatu dugu.

Egoera ikusirik eta hau iraultzeko asmoz, Haurreskolak Partzuergoa Eusko Jaurlaritza eta udalen artean sortutako erakundea izanik, EAEko hiri eta herri desberdinetako udalbatzek eskaintza handitzeko erabakia hartu dezaten mozioak aurkeztu ditu LAB sindikatuak, Haurreskolak Partzuergoko plazen eskaintza handitzea eskatuz. Hasteko Bilbo, Santurtzi, Bastida, Getxon, Irun, Lasarte, Donostia, eta Zallako udaletan mozioak erregistratu ditugu, gai hau mahai gainean jarri eta eskaintza handitzeko erabakia har dezaten. Eta hurrengo asteetan ere norabide berdinean jarraituko dugu.

PDF Embedder requires a url attribute