Koronabirusaren aurreko esposizioa duen EHUko pertsonala berehala txertatzea eskatu dugu

494

Prentsaren bidez berriki ezagutu dugunez , SARS_CoV-2 birusarekin harreman zuzena duten dozenaka ikertzaile daude gaur egun Euskal Autonomia Elkargoan (EAE) txertorik jaso gabe, horietako batzuk UPV/EHUn ari dira lanean.

Egoera horren oinarrian, antza, Estatu espainiarreko Osasun Ministerioak txertaketa-estrategian langile horiek sartu ez izana dago, eta, beraz, pertsona horiek hilabeteak eman dituzte “birusa zuzenean erabiltzen, immunizatu gabe, baita gaixotasun horren aurkako txertoak garatzen ari diren taldeen artean ere”.

SARS_CoV-2 edo 2. arnas sindrome akutuaren koronabirusa 3. taldean sailkatutako agente biologikoa da, langileak lanean agente biologikoekiko esposizioarekin lotutako arriskuetatik babesteari buruzko 664/1997 Errege Dekretuaren arabera. Talde horretan sailkatzen dira “gizakiarengan gaixotasun larria eta langileentzako arrisku larria, kolektibitatera hedatzeko arriskua eta, oro har, profilaxi edo tratamendu eraginkorra” eragin dezaketen agente biologikoak.

Aipatutako 664/1997 Errege Dekretuaren 8.3 artikuluaren arabera, “agente biologikoekiko esposizioagatiko arriskua dagoenean eta horretarako txerto eraginkorrak daudenean, horiek langileen eskura jarri beharko dira, eta txertoaren abantaila eta desabantailen berri eman beharko zaie”.

Errege Dekretu horretan xedatutakoa aplika daitekeen jardueren artean sartzen ditu “laborategi klinikoetan, albaitaritzakoetan, diagnostikokoetan eta ikerketakoetan egindako lanak”. Horietakoak ere egon badaude UPV/EHUn.

Bestalde, LABek jakin ahal izan duenez, UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuak behin baino gehiagotan eskatu dio Eusko Jaurlaritzaren Osasun Zuzendaritzari  txertatu gabeko langile horiek (ikertzaileak zein laborategi eta zerbitzuetako AZPko langileak) txertatzeko, eta horren erantzunez ezezko borobila jaso du, nahiz eta bere burua eskaini ere EHUko Prebentzio Zerbitzu propioaren bitartez langilea horiei txertoa jartzea.

Horretaz gain, LAB sindikatuak jakin badaki koronabirusarekiko esposizio egoera horretan dauden EHUko zenbait langile txertatuak izan direla Jaurlaritzak txertaketa adin-tartearen arabera egitea erabaki baino lehen. Beraz, koronabirusarekin harreman zuzeneko arrisku talde berekoak izanik ere, EHUn badaude koronabirusaren aurka txertoa jaso dutenak eta oraindik txertatzeke daudenak. Egoera onartezina, LABen aburuz.

Horregatik guztiagatik, EHUko Zuzendaritzari koronabirusarekiko arriskua duten langileak lehentasunez txertatuak izatea eskatzen diogu, langile horien guztien eskubidea izateaz gain, unibertsitate publikoaren betebehar legala ere baita.

Neurri hori gauzatzeko Jaurlaritzaren borondate politikoa eta langile horiek beren lanpostuetan egunero aurre egin behar dioten arriskuaren aitortza baino ez da behar.

Jatorrizko albistea: HEMEN.