Iruñeko Udal Haur Eskoletako zuzendaritza teknikoan laguntzeko pertsona baten izendapen irregularra salatzen dugu

322

LAB sindikatuak Iruñeko Udal Haur Eskolen erakunde autonomoko Zuzendaritza Teknikoaren jokabide hori salatu nahi du, Gerentziak eta erakundeko Giza Baliabideen arduradunak onartu eta baimendu dutena.

Urtarriletik, langileen batzordeak, Zuzendaritza Teknikoa eta giza baliabideen arduraduna, langileak ordezkatzeko irizpideei buruzko dokumentu bat prestatzeko prozesuan gaude bete-betean, giza baliabideak optimizatzeko helburua duena, erakundean ordezkapenak egiteko neurrigabeko gastua dagoela esan digutelako.

Gauzak horrela, otsailaren 17an jakin dugu Mendillorriko eskolako hezitzaile bat behatzez izendatu dutela Zuzendaritza Teknikoari laguntzeko Haur eskolen erakunde autonomoko langileen 2022. urteko etengabeko prestakuntza plana prestatzen. Pertsona hori izendatu dute aurretik hautapen-prozesu garden bat egin gabe, gure erakundea enpresa pribatu bat balitz bezala. Horren ondorioz, hezitzaile hori bulego nagusira eraman dute egunean bi ordu eta erdiz aritzeko, haur-hezitzaile bati ez dagozkion lanak egin ditzan, eta haur eskolako beste hezitzaile bati kontratua luzatu zaio haren lanorduak betetzeko.

Jarduera hori onartezina iruditzen zaigu, bai Zuzendaritza Teknikoaren aldetik, bera baita izendapena abiatu eta kudeatu duena, egokia ote den kontuan hartu gabe, bai UGTko ordezkaritza sindikalaren aldetik, UGTko ordezkari bat izan baita izendapen hori onartu duena.

Batzordeetan, adostasun puntu argienetako bat izan da hautapen-prozesuen gardentasuna bermatu beharra dagoela, zerrenda aktiboak errespetatzeko, adiskidekeriazko izendapenei biderik ez emateko, inork lehentasunik ez izateko eta hezkuntza-taldeetan giro txarra ez sortzeko. Eta, orain, UGTko ordezkariek eta Zuzendaritza Teknikoak alde batera utzi dute adostasun puntu hori. Azpimarratu nahi dugu egun gutxi batzuk lehenago, ordezkapen-irizpideen dokumentu horren gaineko bilera batean, azalpenak eskatu zirela Izartegiko zuzendariaren ordez eskola horrexetako hezitzaile bat izendatzeko erabilitako irizpideei buruz. Gaia bileran eztabaidatu zen, eta erabaki zain dago.

Eta hori guztia gertatu da bulegoetan birkokatu diren hezitzaileek eta zuzendariak Zuzendaritza Teknikoari proposamen bat aurkeztu zioten egun berean, non beren burua eskaintzen duten administrazio- eta pedagogia-zereginetan laguntzeko eta taldeei sostengua emateko. Langile horiek hamarkada askotako esperientzia profesionala dute erakundean, eta sor daitezkeen premietan laguntzeko prest daude, baina badirudi kasu honetan garrantzitsuena ez dela erakundearen giza baliabideak optimizatzea, izendatu den pertsona hori baizik, UGTko ordezkaria.

Jatorrizko Informazioa: HEMEN