[Iritzia] Behar ditugun eskolak elkarrekin eraikiz

338

Ahotsa.Info agerkarian Saioa Tapiz Ezpelta eta Oihane Jordana Mosén LABeko Nafarroako 0-3 zikloko arduradunek sinaturiko iritzi-artikulua: http://ahotsa.info/edukia/behar-ditugun-eskolak-elkarrekin-eraikiz-1

LABen bertatik bertara ezagutzen dugu Nafarroako 0-3 zikloaren problematika. Sektorean gehiengoa duen sindikatua gara, alde handiarekin. Argi dugu oso garrantzitsua dela bertan egotea, langileei eskoletan laguntzen, bakoitzaren arazoak entzuten eta ulertzen, guztien artean irtenbide kolektiboak eraikitzeko.

Funtsezkotzat jotzen dugu antolatuta eta ongi informatuta egotea, ahalduntzeko eta adi egoteko gure eskubideak defendatzeko orduan. Gehienbat emakumeen kolektiboa gara, urte askotako borroka atzean dugula, eta badakigu gure baldintza prekarioak ez direla kasualitatea. Zaintzen duen kolektibo bat gara, eta, horregatik, argi daukagu geure burua zaindu behar dugula.

Ziklo hau oraindik ez da aitortu bere osotasunean; hori dela eta, Nafarroan egoera askotarikoa da, eta eszenatoki oso desberdinak dira: badira Nafarroako Gobernuarenak diren haur-eskolak, udalek zuzenean kudeatzen dituztenak eta beste asko, udal-titulartasunekoak izanik, kudeaketa pribatizatua dutenak. Horren guztiaren ondorioa da emakume langileen lan-egoera, proiektu pedagogikoaren bultzada eta garrantzia eta familientzako baldintza ekonomikoak oso desberdinak direla eskola bakoitzean nagusi den kudeaketa-ereduaren arabera.

Horregatik, LABek elkarrekin lan egitearen aldeko apustua egiten du, errealitatea kontuan hartuta. Kudeaketa zuzena duten haur-eskolen kasuan, udal-hitzarmenak aplikatzea eta horien hobekuntzaren aldeko apustua eginez. Horren adibide da Altsasuko haur eskolako langileekin batera egiten ari garen borroka. ANDEParen titulartasuna duten eskolei dagokienez, uste dugu lanean jarraitu behar dugula bertako langileen lan-egoera hobetzeko eta, behingoz, eskumenak Hezkuntza Departamentuari eskualdatzeko. Iruñeko Udaleko eskolen kolektiboan asko dira irekitako fronteak: familien eta langileen hizkuntza-eskubideen aurkako erasoak, murrizketak, inposaketak, eta abar.

LABek urteak daramatza borroka horien buru izaten eta plantillari laguntzen bere eskubideen aldarrikapenean. Era berean, hainbat aldiz salatu ditugu behin-behinekotasun-tasa handiak, zuzenean Administrazioaren mende dauden eskoletan oposiziorik deitu gabe pasatako urte eta urteen ondorio zuzenak. Bestalde, kudeaketa pribatizatuta duten titulartasun publikoko eskola ugari daude. Esertzeko unea da, Nafarroarako hitzarmen sektorial propioa sortzeko unea, lan-baldintza duinak bermatuko dituena eta hainbat gai kontuan hartuko dituena, hala nola antzinatasuna kobratzea, kontziliazio-neurriak, aparteko ordainsariak, etab.

Ezinbestekoa da 0-3 hezkuntza zikloaren ikuspegi bateratua izatea eta, bide horretan, Nafarroako Gobernuak duen izaera propioa bermatu eta merezi duen garrantzia eman behar dio. Gaizki deritzogu zikloa 2 urteko gelak sortuz zatitzeko proposamenari. Beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak egoera hori argitzea eta, behingoz, 0-3 zikloaren hobekuntza integralean inbertitzea. Onartezina da haur-eskoletako langileek hain lan-karga handia izatea, kalitatezko arreta bermatzeko nahi baino ratio handiagoak baitituzte. Gure apustua da 0-3 zikloa indartzea, blindatzea eta baliabideak ematea haur-eskola publikoak bermatzeko, hezkuntza-kalitatearekin eta langileen lan-baldintza onekin.

Zentzu horretan, benetan izaera hezitzailea eman nahi badiogu, ezinbestekoa ikusten dugu Hezkuntza Departamentuak, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzearekin, 0-3 ziklo osorako araudi komun bat ezartzea. Estrategia komuna proposatzen dugu, Nafarroako Gobernuaren eta udalen arteko lankidetza bat, esparru komun bat bermatuko duena, aldi berean deszentralizazio duin bat eman ahal izateko.

Egoera horren aurrean, LABek ziklo osoa duintzeko lan egiten du, eta, horregatik, 0-3 Plataformako kide gara, eta urteak daramatzagu bertan aktiboki parte hartzen. Bertako kide den jende guztiaren lan etengabeari esker, eskolen ahotsa inoiz baino ozenago entzuten da, eta azken hilabete hauek ahalegin bereziko hilabeteak izan dira, hamabost egunetik behin mobilizazioak eginez eta hedabideetan oihartzun handia lortuz. Jakina, LAB, orain arte egin duen bezala, langileen ondoan egongo da, planteatzen diren mobilizazio guztiei estaldura emanez, greba barne.

Asko gara, indartsuak gara eta argi daukagu norantz ari garen arraunean. Bidean topatuko gara, behar ditugun haur eskolak elkarrekin eraikiz. Indarrak batzeko garaia da. Elkar zainduz, ekin.