Lan baldintzak arautzen dituen akordioaren proposamena
Asteazkenean, apirilak 24, irakasleen lan baldintzak arautzen dituen akordioaren inguruko mahai negoziatzailea izan genuen. Hilabete luzez LABetik hainbat ekarpen eta eskakizun egin ondoren, azkenengo artikulatua ekarri ziguten mahaira, sindikatuok azken ekarpenak egin ahal izateko, maiatzak 16ra bitarte.
- Artikulatuan, LABek Akordio Laboralean sinatutako edukiak txertatu dituzte:
- Bitartekotasun-tasari %5eko muga jartzea lanpostu estrukturalak direnak aitortuz.
- EPE deialdiak 3 urteko zikloetan egitea (lehen urtean maisu maistren kidegoa, bigarrenean bigarren hezkuntza/lanbide heziketa kidegoa eta hirugarrenean heziketa bereziko eta sukalde eta garbitzailetako kidegoa).
- EPE eredua aldatu bitarte, prestaketarako materiala eta gaitegia euskalduntzeko eta baliabid pedagogiko eta praktikoak sortzeko konpromisoa.
Honetaz gain, hainbat dira ordezkoen baldintzak hobetze aldera, lan-zamak jaisteari begira eta gazteberritze neurriekin lotuta LABek egin dituen ekarpenak. Guzti hauetatik, aintzat hartu direnak honako hauek dira:
- Lan zamei dagokienez:
- HH/LHen tutoretza funtzioa betetzen duten irakasleen eskola ordutegia 2 orduz murriztuko da, 21 ordu lektibo izatera igaroko delarik.
- Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan:
- Tutoretzara bideratutako ordutegia parekatzea, ko-tutoretzan ari diren langileen kasuan.
- Irakasleen irakastorduak murriztea erabaki ahal izango da esparruka lan egiten duten lan zentroetan.
- Enplegua:
- Behin-behinekotasuna %5a baino baxuagoa izatea egiturazko plazetan.
- Lanpostuen Zerrendan finkatzea, urtero, koiunturalak ez diren lanpostu guztiak.
- Lekualdatze-lehiaketetan deitzen diren lanpostuen kopurua, egiturazko kontsideratzen diren lanpostu guztiak izango dira.
- Gazteberritze plana
- Gaur egun lektiboen 1/3ko murrizketa duten karrerako funtzionarioentzat neurri trantsitorioa adosteko aukera, borondatezko erretiroa hartzeko baldintzak betetzen dituztenei murrizketa ez mozteko.
- Gazteberritze plan integralago baten proposamena, non lektiboen murrizketak metatuz erretiro adin baino lehen irakasleak lanera ez joateko formula adosten den.
- Karrerako funtzionario eta interinoen parekatzea.
- Ordezkoak:
- Ordezkapenak lehen egunetik betetzea baldintzarik gabe.
- Bateragarritasuna eskatzeko aukera zabaltzea, berariazko osagarriari uko eginez.
- Lehentasun eskubidea indargabetzea.
- %100tik beherako lanaldia duten plazak, lanaldi partziala duten ikastetxeko irakasleei eskaintzea.
- Ordezkoen araudi berria alde sozialarekin negoziatzea.
- Lizentziak eta baimenak:
- Interino eta karrerako funtzionarioen parekatzea.
- Adin txikiko seme-alabak kontsultetara laguntzeko baimena.
- Gaua pasatzea dakarten egonaldiak konpentsatuko dira.
- Soldata:
- Berrikuntza Arduradunentzako osagarria.
- Prestakuntza:
- Irakasleentzako euskarazko C2 maila lortzeko prestakuntza sustatzea.
- Irakasleak hizkuntza eta euskal kulturaren transmisioan trebatzea.
- Lan osasuna:
- Osasun sozioemozionalari arreta jartzeko diru partida.
LABek egin dituen ekarpenez gain, Administrazioak artikulatuan txertatu dituen berrikuntzak hauek dira:
- Edoskitzea: gaur egun indarrean dagoen araudia hobetzen duen neurria. LABetik aurrera pausua dela iruditzen zaigun arren, jardunaldi murriztuetarako egun gehigarriak eskatuko ditugu.
- Gurasotasuna: gurasotasun lizentziako aste guztiak jarraian hartzen dituzten irakasleek, Hezkuntza Sailak hobetzen dituen 2 asteez gain, 2 aste gehiago izango dituzte.
- Udako kobraketa: ikasturte batean 165 egun edo gehiago lan egin duten langileek uztaila kobratuko dute egindako jardunaldiaren arabera, eta oporraldiari zein aparteko ordainsariari dagokion soldatarako aintzat hartuko da. Abuztuari edo opor egunei dagokionez, berriz, bere kobraketa eta kotizazioa ekainean izango da, langileei ekaineko nominarekin batera likidatuko zaie eta puntuatuko dute. Bestetik LABetik adierazi nahi dugu, oporraldiaren kobraketari dagokionez, 165 egun edo gehiago lan egin duten ordezkoek hilabete osoa kobratu ahal izateko LABek demanda kolektibo baten bitartez judizializatua duela gaia.
- Gazteberritzeko neurri berriak:
- Murrizketa metatua: bitarteko zein karrerako funtzionarioek erretiroa hartzeko baldintzak bete baino urtebete lehenago erretiratzeko aukera izango dute 20 urteko zerbitzu aldia badute, hamabi hilabeteko soldata eta kotizazioa administrazioak ordainduz lanera joan beharrik gabe. Zerbitzu aldia 20 urte baino gutxiago eta 15 baino gehiagokoa bada, metaketak zortzi hilabeteko iraupena izango du eta zerbitzu aldia 10-15 urte bitartekoa denean, metaketa 4 hilabetekoa izango da.
- Murrizketa: Baldintzak betetzen ez dituzten edo murrizketa metatua aukeratzen ez duten bitarteko zein karrerako funtzionario langileentzat ordu lektiboen murrizketa 60 urtetik aurrera 64 urte bitarte, 3 ikasturtez. 65 urtetik aurrera, lektiboen 1⁄2 murrizketa. LABetik mahaian eskatu genuen murrizketa 4 ikasturtera gutxienez luzatu dadin eta adostasuna egon ezkero prestutasuna adierazi zuen administrazioak.
- Gaur egunean 1/3eko murrizketaren prozesua indarrean duten langileentzat neurri trantsitorioak zehaztuko dira.
- Hautagaien zerrenden ordena: ordezkoen araudi berria sindikatuekin negoziatu eta onartzea. Horren baitan, ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendak lan eskaintza publiko bakoitzean deitutako hautaketa prozesuetan lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira eta 55 urtetik gorako langileentzat jarduketa plan espezifikoak negoziatuko dira. LABetik adierazi nahi dugu hautagaien zerrendak lan-eskaintza publiko bakoitzaren arabera ordenatzearekin ez dugula bat egiten, baina badirela ordezkoen araudi berrian aztertu eta adostu beharreko gaiak. Horien artean, ezinbestekoa ordezkoen antzinatasuna gailentzea. Besterik litzateke negoziatzea, sistema beste era batera antolatzeko, funtzio publikoan aritzeko galbahe edo gaitasunak frogatzeko proba baten beharra, egun ezartzen zaizkigun enplegu publikoaren eskaintzetatik bestelakoa.
- Urteko lanaldiaren banaketa: 30 orduko lanaldi arrunta ikastetxean kidego guztietan, Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta irakaskuntza espezializatuetako etapetan, ordu horien banaketa aldatu ahal izango delarik ikasturteko aldi guztietan, zehaztutako irakaskuntza-funtzioak betetzeko.
LABetik, behin eta berriz aldarrikatu dugu funtzioei eman behar zaiela garrantzia eta ez ikastetxean egon beharreko presentzialtasunari, hori dela eta, mahaian adierazi genuen 30 orduko lanaldi arrunta ikastetxerako izan behar dela, presentziala izateko derrigortasunik gabea.
LAB Sindikatuak afiliazioarekin foroak antolatuko ditu akordio arautzailearen edukien lanketa egiteko eta hala eskatzen zaion eskoletan langileen asanbladak burutuko ditu.
Denon artean ahalik eta akordio onena lortzeko jardungo gara.
ANIMO ETA AURRERA!