Irakasleak EAE: LABek mahaiak deitze hutsak ez ditu nahikotzat jotzen

193

Langileon lan baldintzak hobetzeko inbertsioa handitzea aldarrikatzen dugu, hezkuntza publikoa indartzeko helburuz.

LABek irakasleen lan baldintzak arautzen dituen akordio arautzaile berri baterako negoziaketarako mahaiak edukiz bete ditzan exijitzen dio Hezkuntza Salari. Izan ere, izandako azken mahaiaren ondoren, urriaren 25ean egutegiarekin batera jasotako edukiek ez dute langileen lan baldintzak hobetuko dituen hobekuntzarik jasotzen.

Irakasleok 2010az geroztik gure lan baldintzak arautzen dituen Akordio arautzaile (lan hitzarmen) berdinarekin jarraitzen dugu, nahiz eta honek 2012ra bitarteko indarraldia izan. Iazko ikasturtean negoziaketarako bide bat ireki zen LABek 2023ko ekainaren 1ean akordio laborala sinatu ondoren; akordio hori Hezkuntza legearen testuinguruan egindako greben ondorio izan zen. LABek ez zituen nahikoa oinarri ikusi negoziaketen amaieran Hezkuntza Sailak proposatutako hitzarmena sinatzeko.

Pasa den asteko asteazkenean, urriaren 23an, ikasturteko lehen mahai negoziatzailea deitu zuen administrazioak. LABek mahaiak deitze hutsak ez ditu nahikotzat jotzen, hauek edukiz beteta ez badaude. Izan ere, arestian aipatu bezala, Hezkuntza sailak mahai gainean jarritako edukiak ez ditu LABek egindako eskaerak asetzen.

Beraz, gaurkoan ere, irailean zehar egin bezala, LAB hainbat eskaeretan berresten da. Hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa handitu behar da, eskola publikoa ardatz izan dadin. Hemendik etorriko baitira benetako hobekuntzak lan baldintzei dagokionez; honek zuzeneko lotura du kalitatezko hezkuntzarekin.

Gure komunitatea osatzen duen afiliazioarekin egindako lanketaren ondorioz, honako eskaera hauek egiten ditugu: lan zamak arintzea, ordu lektiboak zein lan burokratikoak murriztuz; gazteberritze neurriak txertatzea murrizketak erretirora bitarte zabalduz eta horiek metatzeko aukera eskainiz; ordezko langileen lan baldintzak hobetuko dituen araudi berri bat adostea, udako kobraketa berreskuratuz edota karrerako funtzionarioek dituzten baldintzekin berdinduz; lizentziak eta baimenak hobetzea (zaintzaren ikuspegitik): binkulograma txertatuz, edoskitze egunak gehituz eta guraso bakarrei neurri gehigarriak aplikatuz, besteak beste.

LABen komunitatearekin lanketa egiten jarraituko dugu, baita ikastetxeetan asanbladak egiten ere, ditugun eskaerak partekatu eta lantzeko asmoz. Hezkuntza Sailak eskaera hauek aintzat hartzen ez baditu irakasleok mobilizatzeko aukera besterik ez dugu izango.

14 urte pasa dira irakasleon lan baldintzak arautzen dituen akordioa sinatu zenetik. Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean bada garaia gure langileon lan baldintzak hobetzeko.

Hezkuntza Sailari Langileon lan baldintzak hobetzeko asmoz, inbertsio publikoa handitu dezala exijitzeko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat herri eta ikastetxeetan propaganda egunak deitu ditugu. Jarraian afiliatuen bidez jaso ditugun argazkien galeria.

Argazki galeria:

INFO-Irakasleak-2024-10-31