Gaur, ekainak 17, maiatzaren 9an sinatutako akordioaz geroztik izan dugun hirugarren mahai negoziatzailea izan dugu. Bertan gai hauek landu dira: ikasturte hasierako esleipena, lanpostu ibiltarien konpentsazioa, ordutegian zein ekonomikoki; hitzarmenaren erredakzioan aldaketak eta Gazteberritze plana
Gazteberritze plana
Hezkuntza Sailak argitaratutako ebazpenari ekarpenak eta zuzenketak egin dizkio LABek. Ebazpena argitaratua egon arren, sindikatuokin negoziatu ondoren “Hutsen Zuzenketa” argitaratzeko konpromisoa hartu du Sailak. LABek, ostegunean, ekainaren 19an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan afiliatuekin batzarrak egingo ditu zalantzak argitzen laguntzeko.
Lanpostu ibiltariak
Lanpostu ibiltarien kasuan, Hezkuntza Sailak aurkeztutako ebazpenean langile hauen konpentsazio ekonomikoa zein ordutegiari dagokiona proposatu da. 2008tik eguneratu gabeko ibiltaritza gastuak eguneratzea eskatu du LABek. Baita, ibilgailuen mantenurako gastuak kontuan hartzea. Bestalde, ebazpen honetan kontuan hartzen ez diren Heziketa Bereziko eta Lan-legepeko langileak bertan jasotzea.
Hitzarmenaren erredakzioa
Hitzarmenaren erredakzioan aldaketa batzuk proposatu ditu Hezkuntza Sailak, ulermena errazteko. Hala ere, erredakzioan egon daitezkeen akatsez gain, Hezkuntza Sailak akordioa bere osotasunean bete gabe jarraitzen du. Izan ere, gaur, hiru lurralde ordezkaritzetan izandako Lanpostuen Zerrenden inguruko bileretan, non 2025-26an ikastetxeek izango dituzten baliabide pertsonalen plangintza aurkeztu den, ez dira onartuak izan Zuzendaritza taldeek zein sindikatuok aurkeztutako alegazioak. Eta orain arte lortutako baliabide gehigarriak Hezkuntza Sailak zuzenean aplikatu beharrean, ikastetxeek egindako alegazio eta borrokaren ondorio izan dira.
Beraz, irakasleek urtarriletik maiatza bitarte erakutsitako konpromiso eta indarrari esker lortutako akordioa bere osotasunean betetzeko exijitzen dio LABek Hezkuntza Sailari. LABek hainbatetan adierazi izan duen bezala, bide mobilizatzailea zein judiziala aktibatuko zituela akordioa bete ezean. Eta aurreko asteko mobilizazioekin erakutsi bezala, aurrera begira ere determinazio berdinarekin borrokatuko dugu akordioa bete dadin. Era berean, akordioa sinatu zuten gainontzeko sindikatuei dei egiten die LABek elkarlanean aritzeko.
INFO-2025-06-17