Irakasleak EAE: Hezkuntza kalitatean sakontzeko baliabide nahikorik gabeko mahaia

574

Gaur, martxoak 20, Plangintza Batzorde Teknikoa izan dugu Lakuan, hiru eguneko epean bigarren aldiz deitu gaitu Hezkuntza Sailak. Aurrez esan bazala, hurrengo asteko greba zikloa iragarri ondoren iritsi dira mahai hauek, Saila negoziazioen erritmoa azkartzera behartuz.

Alde batetik, asteazkeneko mahaian Akordio arautzaile (lan-hitzarmen) berri baterako ahoz adierazitako edukiak ez ditugu oraindik idatziz jaso. Bestetik, gaurko mahaiaren helburua 2022ko maiatzaren 26ko Plantillak Esleitzeko Irizpidean jasotzen diren baliabideak eta ordu kredituak hobetzeko (aholkulari, orientatzaile, HIPI, ALE eta zuzendaritza taldeak) eta baliabide berriak gehitzeko (Oinarrizko Lanbide Heziketarako laguntzailea eta ongizate eta babeserako koordinatzaileak) proposamena aurkeztea izan da . Nabarmendu nahi dugu LABek behin eta berriro eskatu diola Hezkuntza Sailari eremu horretan edukiak egon behar direla. Gaur jaso dugun dokumentua, ordea, LABek proposatutakotik eratorritakoa bada ere, beharrezkoak diren baliabideetatik urrun dago.

Besteak beste, LABentzat estrategikoak diren arloetan, euskaran eta ikuspegi feministan, ez dute behar-beharrezkoak diren giza baliabide espezifikorik jarri. Zuzendaritza talde, aholkulari eta orientatzaileentzako edota ALE, HIPI edo EUSLE figurentzako kreditu gehigarri batzuk zehaztasunik gabeko proposamenekin eta zenbait atzerapausurekin nahasten ditu Sailak.

Asteazkeneko mahai negoziatzaileko edukiekin bezala, zehaztasun eta borondate falta ikusi dugu gaurkoan. Hezkuntza Sailak orain arte mahai gainean jarri gabeko edukiak jarri baditu, greba eta mobilizazio dinamikak eraginda izan da, eta hori irakasleok egindako borrokaren ondorio izan da. Eduki horiek, ordea, ez diote hezkuntza publikoak behar dituen beharrei erantzuten; horretarako, benetako inbertsioa egiteko erabakia hartu behar du behingoz Jaurlaritzak.

Egunak aurrera doaz, eta Hezkuntza Sailak ez dio negoziazioari behar bezala erantzuten. Inbertsioa handituz eduki gehiago mahai gainean jartzen ez baditu, urtarrila eta otsaileko greba zikloan erakutsi bezala beste indar erakustaldi baten aurrean jarriko dugu hurrengo bi asteetan. Bide hori LABen komunitatea osatzen duten afiliatuekin eta irakasleekin batera egingo dugu.

Borrokak merezi du.

Martxoaren 25, 26, 27, eta apirilaren 1 eta 2an irakasleok grebara!

INFO_Irakasleak_205-03-21