Irakasleak EAE: Akordioa bete eta ikastetxeetan baliabideak berehala txertatzea galdegin du LABek

457

Gaur, maiatzaren 27an, akordioa sinatu ondorengo irakasleen bigarren mahai negoziatzailea izan dugu. Bertan, nahiz eta ikastetxeetan egungo kezkarik handiena Lanpostu Zerrendak osatzeko irizpideen ez betetzea izan, akordioan jasotzen diren hainbat gairen gaineko zalantzen inguruan aritu da Hezkuntza Saila.

LABek irakasleen akordio arautzailea sinatu zuen maiatzaren 9an gehiengo zabal batekin batera, lan baldintzak hobetu, hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza kalitatea hobetzeko helburuz. Adostutakoari esker, beste batzuen artean, 2025/26 ikasturtean lan zama arinduko duten ordu lektiboen murrizketa zein zerbitzua hobetuko duten baliabideak txertatu behar dira eta Lanpostu Zerrendan eragin zuzena izan behar du. Izan ere, akordioari esker ehunka direlako sortu beharreko lanpostuak.

Irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan 23tik 22 ordu lektibora jaitsi eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehieneko 18 ordutik 17ra murriztuko dira. Ordu lektibo bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortuko ditu. Esaterako, Bigarren Hezkuntzan ordu lektibo bat murrizteak 240 bat lanpostu sortzea ekarri behar du.

Baliabideei dagokionez, 2025-26an, aniztasunari erantzuteko ordu kreditu gehigarriak (aholkulari, orientatzaile eta Pedagogia Terapeutikoetan), euskara indartzeko ordu kreditu gehigarri zein ratio berriak ezarriz (HIPI eta EUSLE) edota Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileen bitartez lanpostuak sortu eta jardunaldiak hobetuko ditu. Esaterako, euskara indartzeko irizpide berriak ezarrita hereneko jardunaldiak erdietara edota osotara igaroko dira. Era berean, 2028 bitarte Hizkuntza Proiektuetarako 350 koordinatzaile txertatuko dira gutxienez, datorren ikasturtean horietatik 20 izan behar direlarik gutxienez ezarri beharrekoak etapa guztietan.

Akordioetara heltzeko LABentzat ezinbestekoak izan dira baliabide zein lan zama arintzeko neurriak jasotzea. Eta Hezkuntza Saila medioei zuzendu den bakoitzeko hezkuntza kalitatea hobetzeko neurrietaz aritu den arren, LABek azken unera arte irmoki defendatu ondotik txertatu dira akordioan.

Hezkuntza Sailak, aldiz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean kontrako norantza hartu du, izan ere, ez ditu adostutako baliabide horiek txertatzeko beharrezko irizpide eta bitartekoak aplikatu gaur gaurkoz.

Are gehiago, zuzendaritzei egun bateko epean HEDATZE programa txertatzeko hiru aukera desberdin eman dizkiete, hirurek ez diete sinatutakoari erantzuten. Era berean, zuzendaritzengan presioa sorrarazi du guzti honek.

Nahiz eta Jaurlaritza berria izan eta lankidetza diskurtsoa erakutsi, egiteko modu zaharrak azaleratu ditu beste behin ere. Izan ere, borrokaren bitartez erdietsitako akordioa da orain bere osotasunean bete nahi ez dutena.

Beraz, LABek irmoki defendatuko du maiatzaren 9an hezkuntza publikoa indartzeko lortutako akordioa. Hezkuntza Sailak hitzarmena bete ezean, LABek bide judiziala zein ekintza sindikala aktibatuko ditu.

INFO_2025-05-27