Ikastoletako lanpostuen eta lan-baldintzen defentsan: enplegua , aberastasuna eta zaintza banatu

471

Uztailaren 11n burutu den lan-hitzarmeneko mahaian LAB sindikatuak ikastoletako lanpostu eta lan-baldintzen defentsa egin du printzipio hirukoitz bati erantzunez: enplegua, aberastasuna eta zaintza banatu. Irailetik aurrera eduki erreal eta zehatzen gaineko negoziazioari ekiteko borondatea azaldu du sindikatuak. Horiek egon ezean, LABek eszenatoki guztiak irekita daudela berretsi du.

Uztailaren 11n bildu da urtarriletik bildu gabe zegoen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako Lan-hitzarmeneko mahaia. Bertan, Ikastolen Elkarteak zein EIBk azken hilabeteetako gertakarien inguruko irakurketa egin eta irailetik aurrera ikastoletan bizi dugun testuingurua aintzat harturik, negoziazio erreal bat aurrera eramateko asmoa plazaratu dute.

LABetik ikastolek egindako irakurketarekin adostasun eta desadostasunak daudela adierazi da, eta orain arte egon ez den Lan-hitzarmen berria adosteko negoziazio erreal baterako beharra adierazi da.

LABen ustez negoziazio horrek printzipio hirukoitz bati erantzun beharko lioke:

1) Enplegua banatu: ikastoletako lanpostuen defentsan ezinbestekotzat jotzen dugu egungo plantillak mantentzeko helburuz neurriak hartzea. Zentzu horretan, oso positiboki baloratzen dugu Ikastolen Elkartearekin batera bermedun birkokatze prozesua gauzatu izana. Hamarnaka gela eta lanpostu galdu diren testuinguruan, ikastoletan lanpostu guztiei eustea lortu da bi arrazoi direla medio: batetik, ikastola bakoitzak bere eszedenteak xurgatzeko egin duen ahaleginagatik; eta, bestetik, birkokatze prozesuan eman diren doikuntzengatik.

Azken neurri horien harira, bost birkokatze alternatiba eman eta hiru gauzatu direla gogorarazi behar da. LABetik oso positiboki baloratzen dugu eszedente eta beharren txantiloian sindikatuak proposaturiko doikuntzak onartu izana. Era berean, garrantzi berezia eman nahi diogu prozesu horren baitan Nafarroako ikastola bateko eszedenteari Gipuzkoako ikastola batean birkokatzeko aukera eman izana eta hezitzaile bati (hitzarmenez horretarako eskubidea eduki gabe) beste ikastola batean birkokatzeko aukera eman izana. Marko autonomikoa eta gure lan-hitzarmeneko muga teorikoak gainditzea ezinbestekoa izango da nahi eta behar dugun eskola nazionala eraiki eta ikastoletako lanpostu guztiak bermatzeko.

2) Aberastasuna banatu: bi urteko gelen kontzertazioaren harira, hezitzaile kategoria izan eta irakasle kategoria eskuratu dezaketen langileei azken hori ezartzea eskatzen dugu. Era berean, Hezkuntza Sailak langile horien antzinatasuna bere kargu hartu bitartean, ikastolei antzinatasun horiek bere gain hartzea eskatzen diegu. Bukatzeko, KPIaren ortzimugari uko egin gabe, kategoria profesional guztietan hezkuntza publikoko langileekiko lansari ekiparazioan aurrerapausuak ematea exijitzen dugu. Batez ere, kategoria prekarizatuenetan azpimarra jarriz.

3) Zaintza banatu: gaurko mahaian adierazi den moduan, baimen eta lizentzien atalean eguneraketak egiteko beharra somatu da. Ikastolek ezinbestekoa dute beren langileen bizitza profesionala eta pertsonala uztartzea ahalbideratuko duten neurriak hartzea. LABek gaiaren gainean egin diren lege aurrerapenek gure hitzarmenean tokia izan dezaten, eta euskal langileriarentzat funtsezkoak diren kontziliazioa neurriak lor daitezen borrokatuko du.

LAB printzipio horien baitako negoziazio prozesurako prest dago. Horiek eman ezean, eszenatoki guztiak irekita daudela berresten du sindikatuak.

LAB IKASTOLETAKO LANGILEEN DEFENTSAN BORROKAN!!!

JO TA KE LAN-BALDINTZA DUINAK IZANGO DITUEN EUSKAL ESKOLA PUBLIKO KOMUNITARIOA ESKURATU ARTE!!!

Lan-hitzarmeneko-mahaia-INFO-23-07-11