EHUko ordezkapen politika berriak irakasle guztion lan-baldintzak eta irakaskuntza kalitatea okertzen ditu larriki

191

Unibertsitate sistemari buruzko LOSU lege berria bere erara interpretatu du EHUko zuzendaritzak, irakasle guztien lan-baldintzak eta irakaskuntzaren kalitatea okertzea ekarriko duelarik.

LOSUren 80. artikuluak dio ordezkapen bat egingo duen unibertsitateko irakasleak ezingo duela ikertu edo egiturazko kudeaketa eta koordinazio funtziorik izan. Hori baliatuz, EHUk erabaki du arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango direla nahiz eta irakasle-ikertzaileen lan-hitzarmenak eta 41/2008 dekretuak arduraldi osokoak izan daitezela ahalbidetzen duten. Beraz, kasurik onenean arduraldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei asko jota soldata osoaren %34,29 ordainduko zaie beraien irakaskuntza zama %75ekoa denean. Beraz, ordezkoen urteko soldata gordina 7.584,37€ eta 11.360€ artean egongo da, astean emandako klase kopuruaren arabera. EHU jada hasi da amatasun baimen zein bajen ordezkapenak era horretan egiten. LABentzat hau onartezina da eta zuzendaritzak, horrela jarraituz gero, erantzun tinkoa izango duela ohartarazi du sindikatuak.

Bestalde, EHUko irakaskuntza kalitatea larriki okertuko da. Ordezkoei eskolak eta tutoretzak bakarrik ordaintzen baldin badizkiete, irakasle hauek ez dute denborarik izango klaseak prestatzeko, lanak eta azterketak zuzentzeko edo beste irakasleekin koordinatzeko, besteak beste. Hain zuzen, tutoretza orduak ikasleak pertsonalki artatzeko erabili behar dira, eta ez bestelako zereginetarako, EHUren beraren irizpideen arabera.

Ordezkapen politika honek irakasle-ikertzaile guztien lan-balditzetan eta sailen irakaskuntza ahalmenean izango du eragina, eta gainera lan-hitzarmena eta lan-poltsen akordioa larriki urratzen ditu, zeintzuetan partzialtasuna murrizteko neurriak adostu ziren. Egoera berrian hau guztia aldatu da, eta EHUk ordezkoen politika berria ezarri du irakasle-ikartzaileen ordezkaritza sindikalarekin inolako negoziaziorik egiten saiatu gabe.

Orain dela gutxi ordezkapen poltsen deialdira hainbat pertsona aurkeztu dira ordezkapen osoak egiteko esperoan; gehienek horiek bakarrik hartu ditzakete bizitza duina izateko. Iruzur egiten zaie pertsona horiei.

Irakasle-ikertzaileak, ordezkatuak izan behar direnean (bajak, baimenak, eszedentziak…), jakinda bere kideengan erortzen dela askotan beraien lan karga, eta gaizki ulertutako arduragatik, epe hori minimizatzen saiatzen dira. Horretaz kontziente izanik, lan-osasun eskubideak, kontziliazioa, edo zaintzak errazteko aukera, ardura politikoak, akademikoak edota sindikalak hartzeko eskubideak kolokan jartzen dira.

Ordezkapen politika honek arlo instituzionalean ere izango ditu eragin negatiboak. Askoz zailagoa izango da irakasleek baldintza kaskar horiekin ordezkapenak onartzea, eta, nolanahi ere, lanaldi osoko plazen ordezkapenak partzialekin betetzeak sailetako benetako irakaskuntza ahalmena murriztuko du. Beraz, saileko irakasle-ikertzaileen lan-karga handituko da eta irakasgaien esleipena bat-batean birplanifikatu beharko da. Kontuan hartu behar da sail eta jakintza arlo batzuetan gainzama dutela.

Errektoretza aspaldi ari da esaten balizko irakasle-ikertzaileen plan zuzentzaile batean sailei emango zaiela irakaskuntza ahalmen nahikoa ordezkapenen beharrik ez izateko. Langileek ez dakite noiz egongo den plan utopiko hori, baina nahiko argi daukagu ordezkapen luzeak direnean ez dela justua izango sailentzako ordezkorik ez jartzea. Eta badakite, gaur egun, irakaskuntza gainkarga duten sailei plaza berriak ukatzen ari zaizkiela.

LABek eskaera zuzena egiten dio Errektoretzari:

  1. Lanaldi osoko irakasle-ikertzaileen lanpostu guztien ordezkapen guztiak (baimenak, bajak, nahitaezko eszedentziak, zaintzarekin lotutako eszedentziak…) lanaldi osoko kontratuekin betetzea.
  2. Lanaldi partzialerako kontratuei soldata duina ezartzea klaseen prestakuntza eta zuzenketa lanak, oinarrizko koordinazioa eta kudeaketa, formakuntza eta irakaskuntzari loturiko ikerketa kontuan hartuz.

Datorren astean Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordearekin bilera daukate. Zuzendaritzak irakasle guztien lan-baldintzak okertzen dituen ordezkapen politika murritzailea ez badu aldatzen, LAB beste sindikatuekin jarriko da harremanetan mobilizazio kanpaina bat aurrera eramateko, grebak baztertu gabe.