Ikastolen Elkarteak eta EIBk %0,9ko soldata-igoera aplikatzea aldebakarrez erabaki dute

605

EAEko Ikastoletako langileon apirileko nominan %0,9ko soldata-igoera aplikatuko zaigu, Ikastolen Elkarteak eta EIBk aldebakarrez harturiko erabaki baten ondorioz.

Martxoaren 24an Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako Lan Hitzarmeneko mahaia bildu zen. Bertan, Ikastolen Elkarteak eta EIBk ordainketa eskuordetutik datorren soldata-igoeraren taula berriak aurkeztu zizkiguten. Horien arabera, kategoria guztietako oinarrizko soldatan eta antzinatasunean, 2021eko urtarriletik aurrera %0,9ko soldata igoera ezartzen da.

LAB sindikatutik, gure plataforman aldarrikatutakoa berretsi eta soldata-igoerak administrazioak emandakoaren gainetik egon behar duela adierazi genien. Hain zuzen ere, soldata-igoera gehigarri horixe da une honetan negoziatzen ari garen ataletako bat.

Sindikatuaren irizpideak garbi daude kontu horretan: Lan Hitzarmen berria adostekotan, bestelako edukiekin batera, soldata-igoera gehigarrien taula berriek ere hor beharko dute. Horrela adierazi genuen mahaian, argi utziz %0,9ko igoera proposatzen duten taularik ez dugula sinatuko.

Honen aurrean, Ikastolen Elkarteak eta EIBk, taulak alde bakarrez aplikatuko zituztela adierazi zuten. Beraz, apiriletik hasita %0,9ko soldata-igoera jasoko dugu. Apirileko nominan, urtarrilari, otsailari eta martxoari dagozkion % 0,9ko atzerapenak ere gehituko zaizkigu.

Hemendik hasi eta ikasturtea amaitu bitartean Lan Hitzarmen berria negoziatzen jarraitzea izango da gure erronka!

2019an Ikastoletako lan-hitzarmenen aldeko agerraldia