Ikastetxeetako administrari laguntzaileak ere lanuztera! Lan Hitzarmena orain!

363

Ekainaren 16an, Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Batxilergoko ikastetxeetako administrari laguntzaileek lanuztea egingo dute, LAB eta ELA sindikatuek deituta, Eusko Jaurlaritzan lan baldintza duinak eta benetako aitortza aldarrikatzeko.

LABentzat hezkuntza komunitateko langile guztiak dira ezinbestekoak. Badakigulako hezkuntza ez dela ikasgelako lau hormetara mugatzen. Ikastetxeetako administrari laguntzaileek egunero egiten duten lana funtsezkoa da ikastetxeen funtzionamendurako: familiei eta ikasleei arreta ematea, matrikulazioak, bekak, espedienteak, ziurtagiriak, plataformen kudeaketa, zuzendaritzei laguntza edota eguneroko antolaketa administratiboa, beste askoren artean.

Hala ere, administrazioak ez ditu ez haien eginkizunak ez erantzukizunak behar bezala aitortzen. LABek salatzen du ikastetxeetako administrari laguntzaileek gaur egun egiten dituzten lan askok administrari kategoriari dagozkion funtzioak direla, baina aitortzarik gabe jarraitzen dutela. Horregatik, “lan bera, aitortza bera” aldarrikatzen dute, eta ikastetxeetako langileak “bigarren mailakoak” ez direla argi adierazi dute.

Lanuztearen bidez, gainera, Eusko Jaurlaritzako langile guztientzako aldarrikapen zabalagoak ere mahai gainean jarri nahi dituzte: lanaldia murriztea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzea, kontziliazio neurriak garatzea eta lan osasuna lehentasun bihurtzea, besteak beste.

Aldarrikapen hauek, gainera, irakaskuntza publikoan 2025ean lortutako akordioaren ildo berean kokatzen dira: hezkuntza komunitatea indartzea, langileen aitortzan eta lan baldintzen hobekuntzan sakontzea eta eskola publiko komunitarioa sendotzea helburu duten aldarrikapenak dira.

Horregatik, LABetik irakasleei eta hezkuntza komunitateko kide guztiei dei egiten diegu administrari laguntzaileen borrokarekin bat egin dezaten.

Elkartasunetik harago, hezkuntza komunitatea indartzeko aldarrikapenari babesa eta sostengua ematea dagokigu. Haien lanuzteak ikastetxeak indartuko ditu, eta baita eskola publiko komunitarioa ere.

INFO-2026-06-02_EUS