EAJk atea itxi dio EAEko hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak egiteko legeari

351

Hezkuntzak eskatzen duen eraldaketa alboratu eta PSErekin aliantzak sendotzea lehenetsi du.

EAEko Hezkuntza Lege berria osatzeko prozesuaren itxiera kontserbadorea inposatu dute EAJk eta PSEk. Euskal Herriak bere hezkuntza-sistema eraikitzeko eta burujabetzan sakontzeko beharrezko dituen lege propioei muzin egin diote berriro ere, Madrildik ezarritako sistema dualean sakonduz eta belaunaldi berriak euskalduntzeko egiturazko neurriak arautu ordez, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduei helduz. Hezkuntza komunitatearen, jendartearen eta alderdien artean adostasun zabalak eraiki ordez, euren interes alderdikoiak lehenetsi dituzte. Gurasoen, ikasleen, sindikatuen eta Legebiltzarreko oposizioaren gainetik pasa dira. Gauzak horrela, LABek ezezko borobila ematen dio Hezkuntza Lege honi.

Honako hau zen Hezkuntza Legeari eskatzen geniona: segregazioa eta diglosia bezalako egiturazko arazoei aurre egitea, Euskal Herria aintzat hartzen duen Euskal Curriculuma egiturazko bilakatzea eta hezkuntza eredu berri baterako trantsizioa abian jartzea, ituntze unibertsalari mugak jarriz eta sare publiko bakar deszentralizaturako bidea irekiz. Trantsizioa, hezkuntza eskumen mugatuetatik hezkuntza sistema burujabera; euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduetatik euskaldunduko duen murgiltze eta mantentze eredura; bi saretan oinarritutako hezkuntza sistema dualetik, sare publiko bakar, burujabe eta deszentralizatu berrira, eskola publikoa erdigunean jarriko duena, ikaspostuen planifikazioari zein plan estrategikoari dagokionez.

Asko dira aipatutako norabidean egin ditugun ekimenak. Prozesuaren une desberdinetan proposamen zehatzak mahai gainean jarri eta horien aldeko mobilizazioak egin ditugu. Ekainean, Hezkuntza Lege aurreproiektua ezagutu genuenean, bi izan ziren eginiko ekarpen nagusiak. Ekarpenak Legebiltzarrean erregistratu genituen: batetik, Hizkuntza Ereduak gainditu eta euskararen ikas eredu orokortua ezartzeko planifikazioa zehaztea eskatu genuen. Bestetik, sare publiko bakar eta deszentralizatura trantsizioa egiteko Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren gaineko hainbat zuzenketa planteatu genituen, besteak beste, legeak arautzea funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak, titularitate pribatuko ikastetxe gehiago ez ituntzea plaza publiko nahikoa badago, edota titulartasun partekatua legez jasotzea, ikastetxeen titulartasunean udalen edo mankomunitateen parte hartzea ahalbidetuz, sare publiko bakarrera bidea egiteko trantsizio tresna gisa. Ekarpenen artean sartu genituen baita ere, inklusioaren aldeko neurrien eta segregazioaren kontrako neurrien inplementazioa zehaztu eta araubideak berrikustea, hauek kohesio sozialaren printzipioen araberakoak izanik edo laikotasunaren bidean ikastetxeek bere izaera erlijiosoari uko egitea.

Aldiz, EAJk eta PSEk entzungor egin diete LABek eta beste hamaika eragilek egindako eskariei. Segregazioari aurre egiteko zenbait neurri positibo kenduta, onartuko duten Legeak egiturazko aldaketei atea itxi eta egungo hezkuntza ereduaren gabeziak iraunaraziko ditu: hezkuntza eskumen mugatuak, euskalduntzen ez duten hizkuntza ereduak, mugarik gabeko ituntze sistema unibertsala, laikotasunik eza eta eskola publikoaren azpigarapena nahiz segregazioa dakarren hezkuntza sistema duala.

Kontseiluarekin eta hezkuntza eragile gehienekin batera, euskaldunduko duen eredu orokor eta inklusiboa aldarrikatzeko sinadura bilketa kanpaina egin dugu. Frogatua dago, A eta B ereduek ez dutela indarrean dagoen euskararen legea betetzen, alegia, ez dutela bi hizkuntza ofizialetako baten, euskararen, ezagutza bermatzen eta D ereduak ere ez du guztiz euskalduntzen. Horregatik, bestelako hizkuntza politika bat beharrezkoa dugula adierazi izan du LABek, euskararen murgiltze-sisteman oinarritua dena. Areago, LABek uste du hizkuntzaren gaian atzerapauso nabarmena egin dutela EAJ eta PSEek.

Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren sorrerari dagokionez — lege honen ikur nagusiena—, hiru ziren LABen eskakizunak: lehena, “publiko” abizena kentzea, zerbitzuaren sorrera bitarteko baino, helburu bihur ez dadin; bigarrena, eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatz gisa indartzeko egiturazko neurriak hartzea; eta hirugarrena, ituntze unibertsalarekin amaitzea, itundutako ikastetxeei betebehar zorrotzak ezarriz eta ez betetzearen ondorioak finkatuz. EAJeta PSE, aipatu eskakizunei muzin egin, eta itundutako ikastetxeen finantziazioa indartzen ari dira, trukean orain artekoak baino konpromiso zehatzagoak eskatu gabe.

Beraz, legeak ez ditu hezkuntza sistemak behar dituen aldaketak bermatuko. Edozein kasutan, horrek ez du Hezkuntzako langileen lan baldintzak hobetzeko erdietsitako akordioaren garapena mugatzen. Eremu laboralean Hezkuntza Sailak, LABek eta Interinok taldeak egindako akordioari dagokionez, aipatutako akordioa negoziazio mahai bakoitzean zehaztu eta garatu dadin Eusko Jaurlaritza interpelatzen jarraituko du LABek, greba eta mobilizazioetara jotzeko aukera baztertu gabe. Sukaldari eta Garbitzaileen eremuan lehen lorpen garrantzitsuak eskuratu ditugu: batetik, Lanpostu Zerrendan sartuko diren egiturazko bakanteak sortzea; eta bestetik, 60 urte baino gehiagoko langileei jarduna herenean murriztea, hori ordaindua eta ordezkatua izanik; 214 langileri eragiten die bigarren neurri horrek. Beste mahaietan, aldiz, negoziazioak irekita daude.

Azkenik, gogora ekarri nahi dugu, akordio laboralean jasotzen genuela jangela ereduaren inguruko azterketa eta erabaki berriak beharrezkoak zirela, zerbitzua langile publikoekin emateko aukera aztertuz. Hezkuntza sailak orain arte ez dio gaiari heldu nahi izan, azken asteetan azpikontratazioaren ondorio larriak agerian geratu badira ere. Gure haurren osasunarekin jolasean ari dira eta gutxi batzuek negozioa egiten duten bitartean —oso larria dena—gainera, hezkuntzak, jangelako langileei, horretarako prestakuntza nahikorik izan gabe eta ratioak aldatu gabe, funtzio berriak inposatzen dizkie. Horregatik guztiagatik, egoera salatu eta jangelen aferari lehenbailehen heltzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.

Euskal Herrian, 2023ko abenduaren 5ean

PDF Embedder requires a url attribute