Hezkuntza sistema eraldatzeari Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak jarritako oztopoak azaleratu ditu PISA txostenak

6

LABen kezkaz hartu ditugu Jaurlaritzak PISAren emaitza kaxkarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana. Aitzitik, euskara gaitasunak indartzeak gainerako konpetentziak hobetzea ekarriko du.

Azken PISA txostenak eztabaida publikora eraman ditu hezkuntza sistemak dituen gabeziak, LABek hainbatetan adierazi izan dituenak. Sindikatuak sarritan salatu ditu gabezia horiek, eta baita hezkuntza sistemak behar dituen sakoneko eraldaketarako proposamenak egin ere, bai bere iniziatiba propioz eta baita beste hainbat eragilerekin batera ere.

EAEko eta Nafarroako gobernuek, ordea, hezkuntza sistemak behar dituen egiturazko aldaketei atea itxi diete, edo bide horretan hartutako konpromisoak bete gabe jarraitzen dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, esaterako, segregazioaren gaian sindikatuon erabateko kontrakotasunarekin eta erantzun egokirik eman gabe itxi zen segregazioari erantzuteko ireki zen mahaia. Hezkuntza publikoari dagokionez, sistemaren ardatz bilakatzeko neurririk ez dago eskola planifikazioan, eta ezta berau indartzeko diru nahikorik ere azpiegituretan eta baliabideetan.

Gainera, azken asteetan publiko egindako ebaluazio emaitzek zein etengabeko ebaluazioaren ondoriozkoak diren azterketek argi adierazten digute erronka bat dugula parez pare: oinarrizko konpententzietan zein gainerako konpetentzietan hobetzeko ikasleen euskara gaitasuna indartu behar dela, horretarako beharrezkoak diren baliabide, programa eta neurriak martxan jarriz eta murgiltze eredua orokortuz. LABek horretan jarri du begirada azken urte hauetan: EUSLE zabaltzean, Hizkuntza Indartzeko Irakasleetan, Hizkuntza Normalkuntza bultzatzeko koordinatzaileetan eta abar.

Datuek aspaldiko urteetan adierazten digute euskararen indartzean gehiago zentratu behar dela Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzan. Euskara gaitasuna indartzeak ekarriko ditu oinarrizko konpententzia zein gainerako konpetentzia guztietan emaitza hobeak. Horregatik, LABek kezkaz hartu ditu PISA azterketaren emaitza kaxkarrak euskararekin lotzeko zenbait alderdi politikotako ordezkariek egindako adierazpenak, eta, batez ere, Jaurlaritzak berak ere emaitza txarren arrazoien artean hizkuntza ereduak aipatu izana, noiz eta euskararen kontrako oldarraldia hezkuntza eremura ere zabaltzen ari den honetan.

Ebaluazio emaitzek parez pare heldu behar diogun beste eztabaida bat ere agerian utzi dute: mugikorren eta teknologien gehiegizko erabilerak ikasleengan duen eraginaren aurrean hartu beharreko erabakiak eta neurriak, langileokin batera hausnartu eta urgentziaz heldu beharrekoak.

Gimenoren adierazpen klasista eta arrazistak

Carlos Gimeno Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, bestalde, ikasleen ebaluazioaren eta horretarako tresnen inguruko hausnarketa integral bat egin beharrean, PISAren datuak justifikatzeko atzerritar jatorriko ikasleei erreferentzia egin die, atzerriko ikasle kopurua lotuz emaitzekin. LABek salatu egin nahi ditu adierazpen horiek, eta Nafarroako Gobernuari eskatu nahi dio adierazpen klasistak eta arrazistak alboratu, eta baliabide gehiago jarri ditzala eskubide unibertsala den hezkuntza ikasle guztiei bermatzeko, ekitatea eta inklusioa oinarri izanik, aniztasunari arreta emanez eta euskaraz. Badu nondik hasi, LABek pasa den ikasturtean hainbatetan oroitarazi moduan: baliabide gehiago eta indarrean dauden ratioak jaitsi.

2026-9-11-Hezkuntza_eus